Arditurriko Bide Berdearen 7. martxa izango da igandean

Ingurumena 2018-09-14 | 0

Datorren igandean, irailak 16, Errenteria eta Oiartzun elkarrekin lotuko dituen bizikleta martxa batekin ospatuko da Arditurriko Bide Berdearen VII. eguna. Baina martxaz gain, beste hamaika jarduera egongo dira Arditurriko meategietan. Aiako Harriko Parke Naturalean dago Arditurri, Natura 2000 Sarearen barruan babestuta.

Egunari hasiera emateko, bizikleta martxa abiatuko da goizeko 10:00etan Errenteriako Gamon Zumarditik eta 10:00etan Oiartzungo Done Eztebe plazatik. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko dena. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan.

Ekintza berezi hau Mugikortasun Astean ospatzen da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik erabili gabe hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, Oiartzun eta Errenteriako udalerrietatik abiapuntuak ezarri dira. Gainera, Euskotrenek eta Renfek haien trenetan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, nahiz eta eskaera egin behar duzuen, ez baitute aukera hau tren guztietan. Beraz, Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera dago Arditurriko bide berdera sartzeko eta martxarekin bat egiteko.

Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean. Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin Seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Horrez gainera, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izango dute: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, etab.

Aurten ere saio berezi bat izango da gainera, Trial erakustaldi bat izango baita 12:00etatik 13:30etara. Iker Rodriguez (Euskadiko Trial txapelduna 2016ean), Unai Gomez (2017ko Gipuzkoako Trial txapelduna) eta Julen Gomez (2017ko Gipuzkoako Trial 2. Saria) Irundarrak izango dira saio berezi honen protagonistak, beraz saio paregabea ikusi ahal izango da.

Informazio gehiagorako:

Arditurriko Parketxea

943 49 42 48 / 943 49 50 69

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

www.parketxesarea.org

No comments yet.

Utzi erantzuna