Herriko ikastetxeetako haurrek parte hartu duten ‘Aniztasunean Zubiak Eraikiz’ proiektuaren laburpen-bideoa ikusgai dago

Errenteriako Lehen Hezkuntzako 2000 ikasle inguruk hartu dute parte lehen aldiz sorturiko Aniztasunean Zubiak eraikiz deituriko proiektuan. Ekimen partekatu honek aniztasunaren balioa zentzu zabalean lantzea izan du xede nagusi, horretarako hainbat ikastetxeren eta herriko haurren artean zubiak eraikiz. Hain zuzen ere, aurreko ikasturteko apirila eta maiatza bitarte, arteak eskaintzen dituen alor desberdinen bidez, ipuin kontaketari, zinemari eta musikari esker, aniztasuna landu dute modu sortzailean. Era berean, Bizi Poza elkartearekin elkarlanean, aniztasun funtzionalaren inguruko ekintzak ere egin dituzte zenbait tailerretan. Alegia, txakur laguntzaileak ezagutu dituzte Biak Bat elkartearekin, minbizia duten haurren inguruko errealitatera hurbildu dira Aspanogi eta Juneren Hegoak elkarteari esker eta kirol egokitua egin dute Mindara elkartean bidez.

Errenteriako Udalak ikastetxeekin nahiz eskualdeko Berritzegunearekin duen harremanari esker gauzatu da proiektua. Hain juxtu hasiera- hasieratik helburua zuena, batetik, ikastetxe desberdinetako lehen hezkuntzako ikasleak elkar topo egin zezatela espazio berean aniztasunaren inguruko ekintza batean, eta, bestetik, topo egiteko gune hori Udalaren baliabide batean izan zedila, haur guztiek izan dezaten udal baliabideen berri. Hori dela-eta, zinema tailerra Ikertze Kultur elkartearekin Merkatuzar eraikinean burutua da, Kontukantoi Ipuin kontaketa ilustratua Haurren Liburutegian eta gorputz perkusio tailerrak Udal musika eta dantza eskolan eskaini dira. Aldiz, Bizi Pozari esker koordinaturiko tailerrak Kiroldegian nahiz Markolako Ludotekan izan dira.

Proiektuaren abiatzea aurreko urteko irailean izan zen. Izan ere, ikastetxeetako haurrek Atlantikaldiaren jaialdiari hasiera eman zioten Iztietako auzoan Ibaiaren inguruan eginiko ekintzan. Bertan ur tanta anitzek eta desberdinek itsaso bakar eta zabala sortzen duela irudikatu zuten. Ondoren, azaroan, nazioarteko emakumeen gaineko indarkeriaren egunaren harira Picassoren Gernika Bonbardatuz koadroa lantzeko oinarri harturik, hain zuzen, Gernikaren bonbardaketa eta indarkeria mota guztiak arbuiatzeko. Eta, azkenik, maiatzean kultur aniztasunaren nazioarteko egunean aniztasunaren balio positiboa ospatu zuten ikasleek ekimen desberdinak gauzatuz.

Aniztasunean zubiak eraikiz laburpen-bideoa ikusi.