Udalak argazki edo oharren bidez gaur egun Hirigune Historikoan inklusiboak eta/edo kalitatezkoak ez diren espazioak jasotzeko deialdia luzatu die hiritarrei

Joan den asteazkenean, irailaren 12an, izan zen HIRIGINTZA INKLUSIBOA Errenteriako Hirigune Historikoan izeneko prozesu parte-hartzaileari buruzko lehen topaketa.

Saio horretan, hirigintzari eta generoaren ikuspegiari buruzko aurrezagutza eskaini zitzaien parte-hartzaileei, ezagutza hori oso garrantzitsua baita kalitatezko parte-hartzearen oinarriak ezartzeko.

Topaketari amaiera emateko eta ezagutza guztion artean eraikitzeko xedez, hurrengo tailerra baino lehen lan bat egitea eskatu zitzaien parte-hartzaileei: argazki edo oharren bidez jasotzea gaur egun Hirigune Historikoan inklusiboak eta/edo kalitatezkoak ez diren espazioak.

Honen bitartez, jasotze lan hori egitera gonbidatu nahi ditu Udalak lehen topaketara etorri ez ziren eta prozesuan parte hartu nahi duten pertsona guztiak.

Bereziki gonbidatu nahi ditu ondorengo ezaugarriak dituzten tokiak detektatzera:

  • Jarduerarik gabeko aurrealdeak dituztenak, hau da, beheko solairuan jarduerarik ez duten fatxadak.
  • Ikusteko eta ikusiak izateko, entzuteko edo entzunak izateko zailtasunak eragiten dituzten lekuak: zokoak, bizitzarik gabeko espazioak eta abar.
  • Kontrol sozialik ez dutenak: abandonaturik nahiz degradaturik dauden espazioak; baita bizitza eskasekoak ere.
  • Argi nahikorik ez dutenak, aurreko arazoak areagotuz.
  • Kalitate gutxiko urbanizazioa eta ingurunea degradatu samarra dutenak: zikinkeria, utzikeria eta abar.
  • Nolabaiteko deserosotasuna sentiarazten dutenak. Nahi izanez gero, horren arrazoiak zehaztuta.

Esanguratsuenak iruditzen zaizkizuen argazkiak paperean nahiz formatu digitalean ekar daitezke.

Informazio horri esker, gai izango gara guztion artean lehen topaketa horren helburua lortzeko: GURE ABIAPUNTUA EZAGUTZEA, dugun errealitatea nola eraldatuko dugun hausnartzeko oinarria izango dena.

Irailaren 25ean izango da hurrengo hitzordua, 18:00etan, Biteri kaleko Reina aretoan.