Oraindik ere toki batzuk gelditzen dira kirol ekintza batzuetan

Galtzaraborda eta Fanderia Kiroldegietako jarduera gidatuetarako izena emateko epea zabalik da oraindik.

Zirkulazio askeko jarduera ugari daude “Kirol Ekintzak”en baitan, hala uretakoak nola aretokoak. Sarrera askeko formatuan 150 saio baino gehiago eskaintzen dira astean eta 22 modalitate desberdin (indoor zikloa, aerobica, zumba, pilatesa, body combat, yoga,…).

Formatu honekin, tarifa bakar bat ordainduta ikastaro guztietara sartzeko aukera izango da, mugarik gabe, Galtzaraborda eta Fanderiako Udal Kiroldegietan. Ikastaroak norberaren behar, ordutegi, konpromiso eta abarretara egokitzen dira, eta ez alderantziz. Aukera dago erabakitzeko noiz joan jarduera batera, zein egun eta ordutan, eta jarduera aldatu edo jarduera desberdinak probatzeko.

“Kirol Ekintzak” eskaintzaren barruan ekintza zehatzagoak ere badaude kirol jakin batzuetan norberaren errendimendua edo teknika hobetzeko. Horien artean helduentzako “Igeriketa Eskola”, zenbait mailatan banatua.

Denboraldi honetako abantailetako bat da BeOne App aplikazioa erabili ahal izatea, “Kirol Ekintzak” egitasmoan parte hartzen dutenek saioak erreserbatu ditzaten kirol zentrora joan beharrik izan gabe. Erabiltzaileek telefono mugikorrean aplikazioa jaitsi eta beren entrenamenduetako datuak eskuratu eta beren ekintzak planifikatu ahal izango dituzte. “Kirol Ekintzak”eko ikastarogileek modu eroso batean asteko jarduerak antolatu ditzakete. Fitness aretoetako erabiltzaileek ere aplikazio horren funtzioak erabili ahal izango dituzte beren entrenamenduetako aurrerapenak kontsultatu eta monitorizatzeko. BeOne App aplikazioa doan jaitsi daiteke App Store eta Google Playn.

Aurreko urteetan bezala, txikienek ere badute beraientzat eskaintza. Denboraldi honetan “Haurtxoentzako uretako ekintzak” egiten jarraitu eta gozatzeko aukera dago. 2015 eta 2017 urte bitarte jaiotako umeek parte har dezakete. 2014an eta aurretik jaiotako haurrek “Igeriketa Eskolan” dute beren lekua.

Haurrentzako eskaintzaren baitan, txikiek bigarren urtez jarraian “Yoga” egiteko aukera izango dute. Jarduera hori zuzentzen zaie 4 eta 12 urte arteko haurrei, beren barnerako bidaia has dezaten, horrela beren burua hobe ezagutu eta bizimodu osasungarria eta zoriontsua izan dezaten. Halaber, “Dantza Eskola”, “Karate” eta “Gimnasia erritmikoa” modalitateak eskainiko dira denboraldi honetan ere haurrentzat.

Haurrentzako ekintzak astean behingo edo bitako maiztasunarekin egin daitezke. Interesa duten pertsonentzat talde batzuetan plaza libreak gelditzen dira.

Argibide gehiago behar izanez gero, Galtzarabordako (943.44.96.90) eta Fanderiako (943.34.44.23) kiroldegietara jo daiteke harrera zerbitzuetara edo “Kirolariekin Errenteria”ren udal web orria kontsultatu.