Eskola Kirolaren aurtengo denboraldia urriaren 20an hasiko da

Urriaren 20an (larunbata) Oarsoaldean Eskola Kirolaren aurtengo denboraldia hasiko da, 2019ko ekainera arte luzatuko dena.

24 jardunalditan zehar kirol jarduera eskaintza ugaria izango du, hala nola eskubaloia, kirol egokitua, futbola, piraguismoa,…

Entrenamenduak ikastetxeetan bertan egingo dira (eskola ordutegia amaituta astean ordubeteko bi entrenamendu saio) eta partidak asteburuetan jokatuko dira eskualdeko kirol-instalazioetan.

Eskola Kirola programak aukera ematen du hainbat kirol modalitate ezagutu eta praktikatzeko, ikasle bakoitzaren maila aparte utzita, eta haur guztiek parte hartzearen garrantzia azpimarratzen du. Horretaz gain, eskola ordutegitik kanpo euskaraz aritzea sustatzen du.

Dagoeneko bere ikastetxean inskribatu dezakezu zure seme/alaba Eskola Kirolean parte hartzeko.