Landalurraren Azoka egongo da larunbatean Zumardian

Ingurumena 2018-10-16 | 0

Larunbat honetan, urriaren 20ean, 14. Errenteriako Landalurraren Azoka izango da Gamon Zumaridan, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta.

Bere izenak adierazten duen bezala, herriko lehen sektoreak parte-hartzen duen herri mailako azoka da. Azokaren helburu nagusia da gure herrian lehen sektorean lan egiten duten enpresak ezagutzera ematea eta egiten duten lanaren aitortza egitea. Ez dugu ahaztu behar, lehen sektoreko enpresa hauek direla gure ingurua eta paisaia mantentzen dituztenak, merkatua eta gertuko salmenta lekuak kalitatezko elikagaiez hornitzen dituztenak.

Horrela, larunbat honetan, urriaren 20ean, Errenteriako Gamon Zumardia herriko lehen sektorearen erakustoki bihurtuko da. Egun osoan zehar bertako produktuen azoka ospatuko da (Eguzki Borda baserriko Idiazabal J. I. ardi-gazta, Aparola baserriko behi gazta, Eguzki Borda eta Aparola baserrietako barazkiak, Usaskue baserriko marrubiak eta Zituene Pasta Obradore Kooperatiboko pasta freskoa); abere eta perretxiko erakusketak eta erlea eta erlezaintzaren inguruko erakusketa, mota ezberdinetako eztien dastaketarekin.

Goizean, Egiluze sagardotegiak sagardo naturala nola egiten den erakutsiko du, eta tailer ezberdinak egiteko aukera izango da goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean (11:00-12:00 Haurrentzako landaketa eta lore prentsatu tailerra; 12:00-13:00 Helduentzako “Haziak lortzeko tailerra” eta 13:00-14:00 Familientzako “Haziak ereiteko tailerra”).

Arratsaldean berriz, 16:30etan hasiko da Lau Haizetara Elkarteak antolatutako haurrentzako “Haziak Aratuz Haurrak Hezituz” tailerra eta 18:00-19:00 Hazi baratzak sortu tailerra izango da, adin guztietako jendeari zuzenduriko tailerra. Bitartean, txikienek Basosoro Baserriko behi esnearekin egindako txokolatea dastatzeko aukera paregabea izango dute.

Azokaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 19:30etara izango da.

Egitaraua hemen deskarga dezakezu.

Jakoba Errekondoren hitzaldia

Azokaren inguruko giroa berotzeko, ostegunean, hilak 18, 19:00etan Xenpelar aretoan Jakoba Errekondoren hitzaldia egongo da.

Baratzezaintza alorrean aditua, Euskadi Irrati Landa Berri irratsaioan kolaboratzen du. Tokian tokiko produktuak kontsumitzearen garrantziaz bere iritzia emango du, baita bertaratutakoek baratzaren inguruan izan ditzaketen galderak erantzun ere.

No comments yet.

Utzi erantzuna