Udal gobernu taldearen jakinarazpena, ordenantza fiskalak direla-eta

Atzoko osoko bilkuran ordenantza fiskalak onartu zirela-eta, Errenteriako udal gobernu taldeak jakinarazi nahi du tasa eta zerga ia guztiek izoztuta jarraituko dutela, eta 2011urtetik egiten ari den esfortzuari jarraipena emango diola, bonifikazio batzuk ere onartu direlarik hainbat esparrutan egiten diren ekimenentzat bultzada suposatzen dutelarik.

Halaber, EHBilduk eta Errenteria Irabazizek osatutako goberbu taldeak adierazi nahi du EAJrekin adostasunera iristeko zorian egon zirela tasa eta zergei dagokienez, talde horrena izan baitzen oposizioko taldeek aurkeztu zituzten proposamenen artean errealista zen bakarra.

EAJren proposamenak horien gainean lan egitea merezi duten gaiak zituela uste du gobernu taldeak. Egia da batzuk teknikoki bideraezinak zirela, eta, beste batzuk, nahiz eta helburu bera izan, Udal honek abian jarri dituen politikak EAJk proposatutakoen bestelakoak izan dira (adibidez, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzearen inguruko politikak).

Halere, eta nahiz eta kasu honetan adostasun globala ez den posible izan, EAJrekin lan egiten jarraituko dugu, datorren aurrekontuan edo beste nolabait egindako proposamenetako batzuk aurrera atera ahal izateko.