Errenteriako alkatearen prentsa-oharra, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako urgentziazko planari buruzkoa

Etorkizunaren Bidean | Oarsoaldea | Udal komunikabidea 2018-11-02 | 0

Asteazkenean Eusko Legebiltzarrak aurkeztu zuen Oarsoaldea eta Ezkerraldea eskualdeetarako urgentziazko plana. Plan hori da aipatutako eskualdeetarako plan estrategikoaren aurreko pausoa.

Errenteriako alkateak balorazio positiboa egiten du Oarsoalderako urgentziazko plan bat martxan jartzearen inguruan, eskualde horretarako adierazle sozioekonomikoek eskatzen baitute erakunde arteko esku-hartze garrantzitsu bat burutzea eta Eusko Jaurlaritzak eskualde honen aldeko apustu irmoa egitea. Hartara, alkateak urgentziazko plan hau ikusten du irismen luzeko erakunde arteko balizko lan baten abiapuntu gisa, eta hori da positiboa iruditzen zaiona.

Alabaina, Errenteriako alkateak adierazi nahi du kezkatuta dagoela aurkeztu duten urgentziazko planaren irismenarekin eta edukiarekin. Plana prestatzeko prozesuan behin baino gehiagotan galdetu zaie zeregin horretan ari zirenei planerako zenbateko ezohiko aurrekontua zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren sail jakin batzuei lotutako igoera txikiak alde batera utziz gero, oro har, Planak ez du orain hainbat administrazio burutzen ari direna bildu besterik egiten. Hartara, ia ez dute ahalegin berezirik egin aurrekontuan Oarsoalderako urgentziazko plan honen harira.

Bestalde, adierazi behar da Oarsoaldeak, eskualdeko garapen-agentziaren bidez, berriki eskualderako plan estrategiko bat onartu duela datozen urteetarako. Plan estrategiko horretan apustu argia egiten da industria-garapenaren alde, eskualde honetan industria-jardueraren inguruan gabeziak daudelako. Horrez gain, adierazi behar da industria-jarduera garapen sozioekonomikorako estrategikotzat jo dutela erakundeetako, ekonomiako eta gizarteko hainbat estamentuk. Horregatik, eskualderako pentsatutako azpiegitura logistikoen inguruan eskualdeko garapen-agentzian bertan egon zitezkeen ikuspegi desberdinetatik haratago, guztiak ados zeuden eskualde honek industria-jarduera aurreratua behar duela, eta horretarako badauzka Don Bosco eta Tknika bezalako zentro garrantzitsuak.

Alabaina, urgentziazko plan honek, jarduera logistikoaren aldeko apustua egiteaz gain, ez du biltzen industria-jarduerarik edo ez dio behar hainbesteko garrantzirik ematen, ez eta eskualdeak ildo horretan proposatutako beste hainbat proiekturi ere.

Errenteriako alkatearen iritziz apustu argia egin behar da industria-garapenaren alde. Eskualde honen garapenerako proposatzen bada soilik jarduera logistikoa, zail sortuko da enplegua, kalitatezko enplegua, eta enplegua beharrezkoa da eskualde honek behingoz aukera izan dezan hainbeste urtetan herrestan dakartzan adierazle sozioekonomikoak gainditzeko.

Hori esanda, Errenteriako alkateak adierazi nahi du urgentziazko plan honen aurkezpena ulertzen duela Oarsoalderako konponbide estrukturalak bilatzeko prozesuaren abiapuntu gisa. Iruditzen zaio Eusko Legebiltzarreko ponentziaren baitan aurreikusten den Plan Estrategikoa prestatzeko prozesua abagune egokia izan daitekeela Urgentziazko Planean adierazten diren gabeziak berbideratu eta eskualdearen garapenerako hain garrantzitsuak diren industriako eta berrikuntzako proiektuak bilatzeko. Alkatea ziur dago erakundeak bide horretan aurrera egiteko prest daudela.

No comments yet.

Utzi erantzuna