Pupuk eta Lorek ‘Euri tanta banintz’ ikuskizuna emango dute igandean Esklerosi Anizkoitzaren alde

Igandean, azaroaren 11n, kantu, dantza eta irriak bilduko dituen ‘Euri tanta banintz’ ikuskizuna emango dute Pupu eta Lorek Niessen Kulturgunean, 11:00etan, Esklerosi Anizkoitzaren alde.

Ikuskizun solidario hau ADEMGI-Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza- Elkarteak antolatu du Errenteriako Udalaren laguntzaz eta sarreren salmentarekin lortutako irabaziak ADEMGIk eskaintzen dituen errehabilitazio zerbitzuak, fisioterapia eta logopedia konkretuki, finantzatzeko erabiliko dira.

Jon Barriola ADEMGIko langileak adierazi du elkartearentzat horrelako ekitaldiak garrantzitsuak direla gaixotasuna gizarteratzeko eta dirua biltzeko, horrela zerbitzu egokia eman ahal izateko Esklerosi Anikoitza dutenei.

Larunbateko ekitaldirako sarrerak salgai daude jada Niessen Kulturgunean 7 eurotan.

Sinopsia:

Gaur euria ari du eta Pupu (Iraitz Lizarraga) eta Lore (Ekain Ibarguren) baserriko ganbarara igo dira jolastera. Kantu, irri, jolas eta solas ariko dira pailazo txikiak ia ordubeteko saioan, Xabier Zabalak musikatutako Joxan Ormazabalen olerkiak oinarri hartuta. Jaiotzear den haurrari eta haur jaioberriari abestuko diote. Titia ere kantuz emango diote, puzkerrari doinua jarriko diote, abestuko diote astoari, urtaroei, euri tantari… Maite zaitut ere kantuz esango diote elkarri.

Zer da Esklerosi Anizkoitza?

• Esklerosi Anizkoitza gazte helduen artean gaixotasun neurologikoetatik sarriena da eta orokorrean 18 eta 35 urte artean diagnostikatzen da.

• Emakumeei gizonei baina geihago eragiten die.

• Trafiko istripuen atzetik, gazteengan bigarren ezintasun kausa da.

• Gaixotasun kroniko bat da eta bere eraginek duten pertsonen bizi-kalitatea mugatzen dute. Horregatik du horrenbesteko eragina gizartean.

• Esklerosi Anizkoitzak gizarte, lan-ekonomia eta familiarteko eremuetan eragin handia du, batez ere gazteei eragiten dien gaixotasun kroniko eta, kasu batzuetan, oso gaigabezikorra delako.

Sintoma sarrienak hauek dira:

• Arazo sentsitiboak, orekarenak eta mintzairarenak.

• Dardarak, gorputzadarren ahulezia eta kasu larrienetan paralisia.

• Gehiegizko gihar tentsioa, ikusmenaren eta gernu sistemaren alterazioak, zorabioa, nekea, txingurritasuna, e.a.

Datu adierazgarri batzuk:

• 100.000 biztanletik 65 pertsonek Esklerosi Anizkoitza dute.

• Oarsoaldean 41 pertsonek Esklerosi Anizkoitza dute, eta Errenterian, 27k (ADEMGIren bazkideen datu-basearen arabera).

• Gipuzkoan 800 pertsonek Esklerosi Anizkoitza dute.