Hainbat proiektu eta zerbitzuren herritarren gogobetetzea ezagutzeko ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu Udalak

Hainbat proiektu eta zerbitzuren inguruko herritarren iritzia ezagutzeko azterlana egin du Udalak.

Horretarako, 18 urtetik gorako 600 pertsonari galdetegia egin zitzaien ekainaren 21a eta uztailaren 13a bitartean, eta aldagai hauei buruz galdetu zaie herritarrei: herriko egoera orokorrari buruz, udal gobernuari buruz, proiektu eta zerbitzu jakin batzuei buruz, aktibitate fisikoa eta kirol/kultur instalazioei buruz eta komunikazioari buruz.

Oro har, baloratu diren aldagaien iritzia positiboa da, herriko egoera, udal kudeaketa, udal gobernuaren ezaugarri, eta aipatu zaizkien proiektu, instalazio eta zerbitzuei buruzkoa.

Izan ere, azken urteetan aurrera eraman diren proiektuen inguruan eta Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan, denek jaso dute 5etik gorako balirazioa batez beste.

Alabaina, hainbat proiektu, zerbitzu eta leloren ezagutza maila nahiko baxua da inkestaren arabera arlo askotan. Galdetegien erantzunek adierazten dute kasu askotan herritarrek ez dituztela egiten ari diren proiektuak edota eskaintzen diren zerbitzuak ezagutzen.

Kezka eta arazo nagusiak

Herriko egoera orokorraren balorazioa kokatzeko, lehenengo eta behin galdetu da, modu irekian, ea zeintzuk diren Errenteriako arazo nagusia eta inkestatuaren arazo nagusi pertsonala. Bi kasuetan erantzun hauek izan dira nagusi: “aparkaleku falta”, “lan merkatuari lotutako arazoak”, “trafikoa” eta “delinkuentzia eta segurtasun falta”.

Errenteriako testuinguru orokorra

Hainbat gairen inguruan Errenteriako testuinguru orokorrari buruzko galderetan, balorazioa ona izan da oro har ikertutako aldagai guztietan: “herriko elkarbizitza”, “kulturen arteko elkarbizitza” eta “herriko bizi kalitatea orokorrean” ondo edo oso ondo baloratzen dituzte inkestatuen %80 inguruk kasu bakoitzean.

Ondoen baloratzen dena “herriko elkarbizitza oro har” da: %86k hautatu du “ondo” edota “oso ondo”.

“Pobrezian bizi diren herritarrak/ familiak” gaiak balorazio eskasagoa jasotzen du (%29k “ondo” eta %43,6k “erdipurdi” aukeratu du).

Udal gobernuaren lanaren balorazioa

Udalaren inguruko iritzia, oro har, nahiko ona da. %30ak uste du “Errenteriako arazoak konpontzen ari dela”, eta beste %38,3k, berriz, “badakiela nola konpondu Errenteriako arazoak, baina denbora gehiago behar duela”. 10 pertsonatik ia zazpik ez du Udalari buruzko iritzi txarrik.

Udalaren proiektu eta zerbitzuak

Ondoen eta okerren baloratzen diren proiektuak hiru ezagunenak dira. “Alabergako igogailuak” lortu du batezbestekorik altuena (8,6) eta “Lekuona eraikina, sorkuntza fabrika” eta “auzokako udaltzainen figurak” txarrenak (5,6 eta 6,3 hurrenez hurren). Orokorrean, proiektu gehienetan balorazio onaren taldea da handiena (8 eta 10 artean).

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez, “ZU! Zure Udala” eta “euskara ikasteko zerbitzuak dira galdeketan ondoen baloratu direnak.

Alabaina, oro har inkestatuei herrian dauden zerbitzu eta instalazioekiko asebetetzearen inguruan galdetu zaienean, %75,9k dio “nahiko gustura” edo “oso gustura” dagoela eta eta %8,1ak ez dagoela gustura.

Kirol eta kultur instalazioak

Herriko hiru kirol instalazioren erabilera eta balorazioari buruz galdetu da eta oso ezagunak direla egiaztatu da. Gainera, hirurek (Galtzaraborda eta Fanderiako kiroldegiak eta Beraungo igerilekuak) 7 puntu edo gehiago lortu dituzte balorazioan.

Kultur instalazioei dagokienez, %84,5k ezagutzen du “Udal Liburutegia” eta %83,6k “Niessen Kulturunea”. Aldiz, %42,2k ezagutzen du “Xenpelar tailerrak” eta %32,3k “antzerki tailerrak”. Horien denen batezbesteko balorazioa 7,6 eta 7,9 puntu artekoa da.

Udalak erabiltzen dituen leloak

Azkenik, Udalak erabiltzen dituen leloen inguruan galdetu da, eta %40k baino gutxiago ezagutzen zituen. Halere, denek lortu dute 7 puntu edo gehiagoko balorazioa.

Azterlana hemen deskarga daiteke.