Zirku giroa ekarriko du 2019ko Errenteriako inauteriak

Inauteriak festa haundi bihurtu nahi ditu Inauteri Batzordeak eta horregatik, aurten ere, lanean gogora ari dela adierazi zuten, atzo, hilak 22, prentsa aurrean: ‘Dagoeneko ezagunak zaizkigun Oilarqueen, Asteme eta Katuko pertsonaien laguntzarekin, jendez bete nahi ditugu herriko kaleak eta jai giroa ahalik eta txoko gehienetara hedatu’.

Gainera, jai parte-hartzailea sustatu nahi dutela esan zuten eta horretarako, datozen inauterietako gaia hautatzeko herri galdeketa egin dutela.

‘Zertaz mozorrotuko zenuke Errenteria 2019ko inauterietan?’ da herritarroi egindako galdera. Proposatutako gaiak, berriz, Jostailu eta jolasak, Asterix eta Obelix, Barrio Sesamo, Munduko herriak, Erdi Aroa eta Zirkua.

Botoa emateko, ohikoa denez, bi modu eskaini dizkiete herritarrei: Herri Bizia webgunearen bidez eta udal eraikinetan jarritako kutxen bidez.

‘Internet bidez aktibatu genuen sistemarekin, segurtasunaren eta herritarrei botoa emateko erraztasunaren arteko oreka bilatu nahi izan genuen eta hala, dispositibo bakoitzari egunean boto bakar bat emateko aukera ezarri genion’, azaldu zuten baina ‘zoritxarrez’, sistema erasotua izan dela eta dispositibo batzuetatik hainbat eta hainbat boto jaso dituztela.  Hau horrela, internet bidez jaso diren botoak ‘baliogabetu egin behar’ izan dituztela jakinarazi zuten.

Hala ere, eskerrak eman nahi izan zizkieten, Herri Bizia webgunea erabilita, modu egokian botoa eman duten herritar guztiei.

Hau guztia kontuan izanik, eta paperean jasotako botoak aintzat hartuta, 2019ko inauterien gaia ZIRKUA izango dela aurkeztu zuten.

Agerraldiaren bidez, dei berezia egin nahi zieten, taberna, saltoki, koadrila eta norbanakoei, zirkuaren gaia ardatz hartuta euren mozorroa prestatzeko.

‘Gure aldetik, egitarau zabala eta anitza osatzeko lanean ari gara, herritar guztien gozamenerako’, amaitu zuten.