Manifestua

[twocol_one]

[/twocol_one]
[twocol_one_last]

Bernardo Atxaga idazle euskaldunak egin dio lehen ekarpena Errenteriako aniztasunean elkarbizitza sustatzeko aliantzari. Hain zuzen ere, atxikipenak eta aliantzak batzeko manifestua eskaini du. Sorkuntza lan honek herrian ditugun hizkuntzetara itzulia izateko bideari ekingo dio nahiz atxikipenak jasotzeari, horrela hausnarketarako eta gogoetarako oinarri izango dugu. Irakurri ahoz behera lehenengo, irakurri albokoari ahoz gora ondoren eta zabaldu lau haizetara!

MANIFESTUA JAITSI [eu] MANIFESTUA JAITSI [es]
MANIFESTUA JAITSI [fr]  MANIFESTUA JAITSI [arab.]
MANIFESTUA JAITSI [pt]

[/twocol_one_last]

ABDELKARIM, KIMBERLY, NAIGUANG, MIKHAIL…

“Ez dute begiek ikusten, buruak ikusten du”, esan ohi da, eta erraz uler daiteke esaldia. Adierazi nahi du errealitatera inor ez dela hutsik hurbiltzen; denok ere, hurbilketa horren unean, gida batzuez baliatzen garela. Batzuetan nahiak edo desioak eragiten digu, eta “nahi duguna ikusten dugu”, ez benetan gure aurrean dagoena. Beste batzuetan, beharrak hartzen du nahiaren lekua, eta “komeni zaiguna” ikusten dugu. Eta, jakina, ez dira nahia eta beharra eragile bakarrak. Gidatu egiten gaituzte, halaber, gure izaerak, gure historia pertsonalak, gure ohiturek, gure zirkunstantziek, gure beste osagarri askok. Ez, ez dute begiek ikusten. Gure jokaerek, baita gure sentimenduek ere, gure buruko konglomeratuan izan ohi dute jatorri.

Eguneroko bizitzak maiz ematen digu egia horren adibide. Pentsa dezagun nola jokatzen dugun batzuetan: atzerritar bat aurrean jartzen zaigunean ez dugu hezur-haragizko pertsona bat ikusten —Abdelkarim, Kimberly, Naiguang edo Mikhail—, panpina moduko bat baizik. Panpina horri, segituan, bere izena eta konkretutasuna kentzen diogu, eta Abdelkarim, Kimberly, Naiguang edo Mikhail direnak “beltz”, “moro”, “ijito”, “txino” bihurtzen dira guretzat. Ondoren –orain ere beren buruko konglomeratua gida– panpinari eransten dizkiogu txar guztiak, eta, batez ere, orbel zikinaren moduan airez aire dabiltzan kalumniak. Tankera horretan sasi-konprenitu dugun gizakia, noski, gorrotagarria egiten zaigu; baina gorrotoa ere gure baitan dago; gure buruko konglomeratuaren zati da, edo kutsu.

Ez da zilegi. Baldarkeria da. Eta jakin egin behar da: jarrera horiek leku batean ugaritzen direnean “piztia likitsaren hatsa” ernetzen da, biolentzia soziala. Pentsa dezagun berriro: gure munduan eragina izan duten teoria moral guztiek, hala erlijiosoek nola politikoek, anaitasun unibertsala aldarrikatu dute, lagun hurkoari zor diogun begirunea. Egia izanik ere helburu horren zailtasuna, eta egia baita ere esaera ospetsuak dioena, gizakia maiz otso izan dela gizakiarentzat, eutsi egin behar diogu, uxatu egin behar dugu gugandik arrazakeriaren tentazioa. Ez izan dudarik: etorkizunik onena, ederrena, izen guztiekin eraikitakoa izango da; bai Errenterian eta bai munduko beste lekuetan. Abdelkarim, Kimberly, Naiguang eta Mikhail, gure-gureak izan behar dute; gure-gureak, era berean, Félix, Lyudmyla, Alaitz, Sandra, Iñaki, Idusuyi, Mihamed, Fabricio, Imanol, Nestor, Murshida eta beste mila eta mila gehiago.

BA