Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak izateko prozesua abiatu dute oarsoaldeko udalek

Gogoeta gunearen bigarren saioa
Urriaren 24an, 18:00etatik 20:30era
Reina aretoa

2

Oarsoaldea jai=zaleak

Duela gutxi arte, jaiak emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko aldarrikapenerako lehentasunezko eremu izan ez badira ere, jakina denez, jaiak ospatzeko dugun modua gure jendartea antolatuta dagoen moduaren eta ditugun balioen isla da. Komunitate gisa ditugun balio, nortasun, ideologia eta egiturak birsortzen dituzte jaiek, eta ditugun gatazkak, botere-harremanak, rol-banaketak, indarkeria-egoerak… adierazten dituzte.

Oarsoaldeko udalerrietan ere jaien testuinguruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta jarrera matxistak gaitzesteko ekimenak eta kanpainak egin dira, horietako batzuk modu bateratuan gainera, Berdintasunerako Mahai Teknikotik.

Dagoeneko egiten hasita dagoen bideari jarraipena emanez, Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak lortzeko egitasmo berria jarri dugu martxan. Egitasmoaren helburu nagusia Oarsoaldeko jaiak genero-ikuspegitik aztertzea da, eta indargune eta ahuleziak zein diren kontuan hartuta, jaiak parekideagoak eta barneratzaileagoak izan daitezen plangintza bat lantzea. Lan horiek egiteko prozesua abiatu dugu beraz, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin.

Lau udalerrietako hainbat jai izango dira aztergaiak, eta horiek izaera ezberdinetakoak izango dira, hau da, kulturarekin, gastronomiarekin, usadio paganoekin… lotutako jarduerak aztertuko ditugu. Errenteriaren kasuan, Madalenak, Sagardo eguna eta Inauteriak izan dira hautatutako jaiak.

Azterketa horretan, Oarsoaldeko jaietan zeresana duten mota desberdinetako eragileak inplikatu nahi ditugu, errealitatea ongien beraiek ezagutzen dutelako. Azterketa egiteko beharrezkoa dugun informazioa iturri hauetatik eskuratuko dugu:

– Elkarrizketa sakonak eragile-mota desberdinetako ordezkariei: ordezkari politikoak, udal-teknikariak, kultur-elkarteak, elkarte gastronomikoak, kolektibo feministak, etab.

– Azterketa dokumentala, jaiena zein horien komunikazioarena.

– Behaketa zuzena, festa zein dinamika jakinena.

Horrez gain, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko talde-gogoetak egingo ditugu udalerri bakoitzean, bertako eragile-mota desberdinekin. Errenteriako 1. talde-gogoetaren data hau da:

Errenteria: Uztailaren 5ean, 18:00etan Merkatuzarren. Jai berdinzaleak

Gaiarekin interesa duen herritar, eragile eta elkarte oro ongi etorria izango da prozesu honetara. Datozen aste eta hilabeteetan zehar prozesuaren eta bilera-deialdien inguruko xehetasun gehiago ematen joango gara; baina edozein zalantza argitzeko, udaleko berdintasun sailarekin jar zaitezkete harremanetan:

Errenteriako Udaleko Berdintasunerako Azpisaila: 943449576