Adostasuna erakundeen artean Pasaiako Portuaren kutsaduraren aurkako neurriak jartzeko

Pasaiako Portuko jarduerak sortzen duen kutsaduraren aurkako neurriak jartzeko borondatea azaldu dute gaur  Donostia, Pasaia, Errenteria eta Lezoko alkateek eta, haiekin batera, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren sail ezberdinen ordezkariek ere, elkarlana hobetzeko ahaleginak egitea adostu dutenak ingurumena eta badia inguruko biztanleen bizi-kalitatea babesteko.

Pasaian ospatutako batzar honetan 2000. urtean sortutako Pasaiako Portuari buruzko Erakundearteko Lantaldeko kideak bildu dira, zeinetan, aipatutako herrien ordezkarietaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetza, Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendariordetza, Laneko Segurtasun eta Higienearen Kabinetea, Pasaiako Portua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza daude.

Oraingoan lantalde honek iraganean adostasuna bilatzeko egindako akatsak aztertu ditu eta elkarlana hobetzeko bideari ekin dio ingurumena eta inguruko biztanleen bizi-kalitatea kaltetuak izan ez daitezen.

Adostutako lehen pausoa mahai tekniko baten sorrera da inplikatutako erakunde guztien partaidetzarekin. Mahai tekniko honek datorren martxoaren 28an erakundearteko lantaldeari kutsaduraren aurkako neurri zehatzak aurkeztea du helburu.

Gaurko bilera pasa den abenduaren 26an burututako beste batzar bati zor zaio, Donostia, Pasaia eta Errenteriako alkateek antolatuta portuko jardueren ondorioz sortutako kutsadurak eragiten zien kezka azaldu eta hau ekiditeko neurriak martxan jartzeko eskatzeko.

Portuko jarduera batzuek sortzen dituzten kutsadura arazoek, txatarraren trataeraren ondorioz adibidez, inguruko biztanleen salaketa ugari jaso dituzte, baita erakunde ekologistenak eta sindikatuenak ere.