Mariasun Landa Sarietara aurkezteko epea bere ekuadorrean da

Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak antolatutako Mariasun Landa Sarien bigarren edizioan parte hartzeko aukera urtarrilaren 31 arte egongo da zabalduta.

Ekimen hau Errenteriako Berdintasun Planaren baitan kokatuta dago eta bere helburua da gizarteko arlo desberdinetan emakumeek herri honetan egindako ekarpenaren berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea.

Sari horien bidez, Berdintasunerako Kontseiluak emakumeek egindako ekarpena ikustarazi nahi du, eta horrela, herrikronika osatu ere bai.

Bi sari dira eskuragarri bi kategoria ezberdinetan:

-Emakumezkoen begirada, lanik onena: 350 € (emakumezkoek aurkeztutako lanen artean lanik onena sarituko da).

-Emakumezkoei begirada, lanik onena: 350 € (gainerako lan guztien artean lanik onena sarituko da).

Bi idazlan irabazleak gainera, 2012ko Oarso aldizkarian argitaratuko dira eta inguruko hedabide orokorretan argitaratu ditzaten ahalegina egingo du Udalak. Bi idazlan irabazleen artean gutxienez bat euskaraz aurkeztutako lana izango da.

Lanak Errenteriako Udalera (Erregistrora) helarazi beharko dira 2012ko urtarrilaren 31 bitartean (epe hau barne).

2010n egin zen lehiaketaren irabazleak Joxepa Anttoni Aranberri bertsolariaren berri eman zigun. Lan honi esker emakumeek bertsolaritzan izan duten garrantzia berreskuratu zen.

Lehiaketaren oinarriak Errenteriako udalaren webgunean daude ikusgai.