Gobernu Taldea: Auzitegi Nazionalaren sententziak ez dio herri honek behar duen normalizazio politikoari laguntzen

Errenteriako Gobernu Taldeak bere kezka eta atsekabea azaldu nahi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur herriko sei gazte espetxeratzeko erabakia hartu izanagatik. Erabakia gazte hauek SEGI erakundean zuten partaidetzan oinarritzen denez soilik, politikan parte hartzeko eskubidea eta bilera eskubidea urratzen dituela uste dugu.

Honekin batera, gobernu Taldeak bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi die Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza gazteei eta hauen senideei ere.

2011ko irailaren 27an Udala akordio batera iritsi zen osoko bilkuran Oarsoaldeko 16 gazteren kontrako epaiketaren inguruan bere kezka azalduz eta politikaren judizializazioak dakarren segurtasun ezaz betetako klimarengatik, asko izan baitira erakundeak kriminalizatzeko burutu diren prozesuak “dena ETA” dela argudiatuz. Horrelako aktuazioak ez dira guk aldarrikatzen dugun eszenatokira iristeko bidea eta errugabetasun presuntzioaren printzipioa arriskuan jartzen dutela uste dugu.

Gure herriak bizi dituen itxaropen-garaiak gatazka politikoa bideratzeko aukera berriak eskaintzen dizkigute, giza eskubide guztiak, salbuespenik gabe, behin betiko errespetatuak izateko aukerak.

Giza-eskubide guztien defentsa giltzarria izango da normalizazio politikoaren lehen fasea finkatzeko eta euskal gatazkak irtenbide demokratikoa izan dezan ahalbidetzeko. Atsekabea eragiten digute gaurko sentenzia bezalako erabakiek, oztopoak besterik ez dituztelako jartzen helburu amankomun hauetara bidean.