Auzo batzarren prozesuak aurrera egingo du parte-hartzaileek honen erabilgarritasuna adostu eta gero

Errenteriako auzo batzarren prozesu parte-hartzailearekin jarraitzea erabaki dute herriko Udalak eta auzo elkarteetako ordezkariek udal kudeaketarentzako duen erabilgarritasun handia dela eta.

Horrela adostu eta jaso dute dokumentu batetan astelehenean prozesu honen balantzea egiteko antolatutako bilera baten ostean. Parte-hartzea sustatzeko batzar hauek azken hiru hilabeteetan zehar gauzatu dira: 15 bilkura antolatu ziren auzo guztietan eta denera 1.500 pertsona bertaratu ziren.

Hemendik aurrera auzo elkarte guztietako eta Udaletxeko ordezkariek bihilero burutuko dituzte bilerak, adostutako proiektuen eboluzioa azteru eta aurrerapauso berriak hitzartzeko. Ildo berean, Udalak eguneroko mantenimendu lanen berri emango die elkarteei informatuta egon daitezen. Hurrengo topaketa martxoaren 19rako finkatu dute.

Gainera, auzo bakoitzean beste bilera puntualak urtean behin edo gehiagotan antolatzeko aukera zabalik utzi zuten ere, bai Udalak proposamen berriak egiteko auzo elkarteko kideei eta baita hauek eskaerak eta ideiak transmititzeko ordezkari politikoei.

Urte honetan zehar batzarretan tratatuko diren gaiak trafikoarekin, auzolanarekin, garbiketa zerbitzuekin, gazte lokalen segurtasun neurriekin, etxebizitzetatik gertu dauden transformadore elektrikoen egoera eta zakur gorotzen kontrolarekin zerikusia dutenak izatea erabaki dute bizilagunek.

Azken puntu honek kexa ugari sortu ditu eta horrexegatik Udalak herriko zakur zensoari buruzko datuak eman zizkien azken bileran parte hartu zuten herritarrei. Hauen arabera, animalia hauen populazioa hazi egin da azken urteetan eta gaur egun 2.975 zakur daude guztira erregistratuta Errenterian;  hauen %40a Beraun, Galtzaraborda, Igantzi eta Parke Kaleko guneetan kokatzen dira.

Herriko zentroan zakurren %16a bizi da, Iztietan %10a, Agustinak-Erramun Astibian berriz %9a eta Sorgintxulo kaleko inguruetan animalia hauen %8,7a dago. Beste auzoetan portzentaia ez da %5era iristen.

Udalak jakinarazi duenez, teknikari talde batek lanean dihardu egitasmo zehatz bat sortzeko helburuarekin zakur gorotzen arazoa konpontzeko. Ondoren, planteamendu honen egokitasuna auzoetako ordezkariekin adostuko da ahalik eta azkarren abiarazteko.

Honetaz gain eta bilera hauetan azaldutako ideien testuinguruan, Hiri Mantenimenduko udal departamentuak herriko gune ezberdinetan egiteko dauden konponketak jakinarazteko inprimakiak herritarren eskura ipini ditu jadanik. Proposamenak posta elektronikoaren bitartez ere helarazi ahal zaizkio departamentu honi.