Errenteriako langabetuek antolakuntza kolektibo baterantz lehen pausoa eman dute

Errenteriako ehun langabetu inguruk antolakountza kolektibo batetarantz lehen pausoa eman zuten atzo Herriko Plazan burututako asanblada batetan. Ekimen honen helburua zuzentasunez ordaindutako lanpostu duin bat edukitzeko eskubidearen alde ahaleginak batzea da.

Asanbladaren antolatzileek eskainitako datuak hainbat mediok jaso dituzte eta, hauen arabera, Errenterian 2.745 pertsona daude langabeziaren erregistroetan (1.355 gizon eta 1.390 emakume), ia herriko populazioaren %14a. Sektoreka bereiztuz, 1.746 langabetu zerbitzu eta hostalaritza arlotik datoz, 472 industratik eta 362 eraikuntzatik.

Bilkuran proposamen eta eskaera ugari aditu ziren, dekalogo batetan bildu zirenak. Dekalogo horretan azaltzen zutenez, laguntza sozialik ez dituzte nahi, lan merkatua berpiztu eta, hau gertatzeke dagoen bitartean, langabetuek 1.100 euroko diru-laguntza minimoa jaso ahal izatea baizik.

Horretaz gain, bildutako langabetuek Eusko Jaurlaritzak emplegu erregulaziorako espediente gehiago ez onartzea eskatu zuten, enpresa euskaldunen deslokalizazioaren aurkako neurriak martxan jartzea, lanpostu publikoen murrizketa ekiditea eta baita Lanbide enplegu bilaketarako agente aktibo bat izatea ere.

Modu berean, dohako heziketa publikoa kalitatezkoa izatea nahi zutela adierazi zuten eta diru laguntzei buruzko informazio egokia eskuragarri izatea eta laguntza hauek hilabete baten buruan jasotzeko aukera bermatzea eskatu zuten.

Egindako beste eskari batzuk honakoak izan ziren: dohako txartel bat lana bilatzeko beharrezkoak diren garraioak ordaintzeko; kultura eta kirol zerbitzuetan zentzuzko deskontuak; etxebizitza duinak jasotzen den soldataren %25aren baino gutxiagoko kostuarekin eta jendarteak arlo produktiboen gaineko erabaki ahalmena berreskuratzea banku eta erakunde finantzarien menpe ez egoteko.

Asanbladaren antolatzaileek azaldu zutenez, atzoko ekimenak Gipuzkoako beste herri batzuetan antolatutako asanbladen adibidea jarraitzen du, Urnieta edo Azkoitia esate baterako. Gainera, Iztietako auzoan lokal bat lortu dutela iragarri zuten langabetuen bilkurekin jarraitu ahal izateko. Lokala Oiartzun kalean dago, aldez aurretik Ibainet kokatzen zen leku berean.

Stop Deshaucios edo 15M mugimenduekin kontaktatzeko proposamenak ere egon ziren, hauek asanblada eta mugimendu sozialak antolatzen esperientzia dutelako eta helburu amankomunak dauzkatelako beraiekin.