Errenteriako Udalak Niessen Merkatal Guneko arduradunei gardentasuna eskatu die

Biziberritze ekonomikoaren Bidean | Gardentasuna | Komertzioa 2012-01-27 | 0

Errenteriako Udalean ordezkatutako Bildu, EAJ/PNV, PP eta Errenteriako Ezkerra talde politikoek Murias Center 4 SAren arduradunei gardentasuna eskatu diete gaur Niessen Merkataritza Gunean kokatutako lokala alokatzeko negoziaketen inguruan, ez baitute oraindik Eroski eta enpresa honek sinatu duten akordioaren berri izan.

Aipaturiko talde politikoek prentsaurreko bat antolatu dute gaur enpresaren aldetik jasaten ari diren informazio ezak sortarazten dien kezka azaltzeko. Bertan, Julen Mendoza alkateak argitu duenez, iraganean Sabeco enpresak alokatuta zeukan gunea orain Murias Center 4 SAren arduradunek Eroski kateari alokatzeko akordioa abenduaren erdialdean itxi zela jakin du Udalak.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Udalak, ordea, ez du inolako komunikaziorik jaso eta, horregatik, Murias Center 4 SAren Administrazio Kontseiluaren presidenteari idatzi bat zuzendu diote esandako udal taldeek, akordio berriaren baldintzak argitzeko eskatuz.

Alkateak Niessen Merkataritza Gunearen akzioen %90a Murias Center 4 SArenak direla eta beste %10a Errenteriako Udalarenak direla gogorarazi du. Banaketa honek Merkataritza Gunearen erabakietan Udala eskumenik gabe uzten du, bere erabaki ahalmena oso mugatua delako.

Udaleko ordezkariek sindikatuei egoeraren berri eman dietela azaldu dute ere.

Hona hemen Errenteriako Bildu, EAJ/PNV, PP eta Errenteriako Ezkerraren artean adostutako adierazpena:

 

Bildu, EAJ/PNV, PP eta Errenteriako Ezkerra taldeek, Errenteriako Udalean ordezkaritza dutenek, ondorengoa adierazi nahi dute:

1.- Aste honetan zehar Udalak Murias Center 4 SAk Eroski Taldearekin Niessen Merkataritza Gunean kokatutako lokala alokatzeko sinatutako akordioaren berri izan du, hain zuzen ere Sabecok hartzen zuen lokal bera.
2.- Uste sendoa dugu aipatu lokalean supermerkatu bat jartzea positiboa dela udalerriarentzat eta Niessen merkataritza gunearentzat, baita merkatarientzat ere.
3.- Era berean, jakin dugu Murias Center 4 SAren eta Eroski Taldearen arteko akordioa abenduaren erdialdean itxi zela, nahiz eta Udalak ez duen horri buruzko inolako informaziorik jaso. Gure ustez, gertaera hori oso larria da, Udala “Murias Center 4” sozietatearen kide baita, eta ondorioz, sozietatearen Administrazio Kontseiluaren kide ere bada.
4.-  Murias Center 4 SAren Administrazio Kontseiluaren presidenteari zuzendutako idatzizko komunikazioaren bitartez Errenteriako Udalak Murias eta Eroskiren artean sinatutako akordioaren baldintzen berri emateko eskatu du, eta aipatu sozietatearen presidentearen erantzunaren zain dago.
5.- Horiek horrela, goian aipatutako talde politikoek, berretsi egiten dugu 2009/03/27ko Udalbatzan hartutako akordioa. Bertan aho batez onartu zen mozioan ondorengoa eskatzen zitzaion Murias Center 4 SAren Administrazio Kontseiluari:
    “(…)alokatuta duen alokatzailearen pertsona juridikoan aldaketaren bat emanez gero, baldintza ipintzea alokairu-kontratu berrian egungo langile-plantila osoari subrogatuko zaiola”
    “Kontratu berri horrek, halaber, jaso dezan Gipuzkoako Industria eta Elikagairako Merkataritzaren Hitzarmen Kolektiboa”.
6.- Gaiaren inguruko informazio eza erabatekoa denez, sortu den egoeraren aurrean Udal Korporazio honek bere kezkaren berri eman eta gardentasuna exijitzeaz gain Udalbatzak onartutakoa errespetatzeko eskatzen du.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna