Udaleko osoko bilkuran zazpi mozioetatik lau aho batez onartu dituzte

Bidearen Bidean | Etorkizunaren Bidean 2012-02-01 | 0

Errenteriako Udalak atzo egindako osoko bilkuran zazpi mozio aurkeztu zituzten talde politikoek eta hauetatik lau aho batez onartu zituzten, kontrako botorik gabe. Julen Mendoza alkateak adierazi zuenez, horrelako adostasun maila positiboa da eta normalizazio politikoarentzako mesedegarria.

Gai ordenari jarraiki, Errenteriako Udalaren Ingurumenaren Aholku Kontseiluaren Udal Araudiaren hasierako onarpenerako proposamenari heldu zioten lehenik. Honela, herritarren partehartzea bermatuko duen Kontseilua martxan jarriko da. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerra-ren (EE) ordezkariak ingurumenaren aldeko “pausu garrantzitsua” zela esan zuen. PSE eta Bildu “pozik” azaldu ziren erabaki honekin, Juan Carlos Merino PSE-ko ordezkariak kontuari “gehiegizko larritasuna” eman zaiola adierazi bazuen ere. Proposamena aho batez izan zen onartua.

Jarraian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio publikoko tarifak bateratzeko sistema ezartzearren Lankidetzarako Protokolo Orokorra bozkatu zuten. Honetan ere aho batezkoa izan zen onarpena, eta “poztasunez” hartu zuten erabakia PSE-k nahiz Bilduk.

Birziklatze eta Hondakinen kudeaketen inguruan PSE-k mozioa aurkeztu zuen, eta garbi utzi nahi izan zuten Atez atekoaren kontrako euren iritzia: “garestiagoa, zikinagoa eta deserosoagoa baita”. PP-k bat egin zuen ideia honekin, “garestia” dela azpimarratuz. PSE-ko ordezkariak partehartzea eta eztabaida irekia proposatu zituen gaiari heltzeko. EE-ko Jose Manuel Ferradasek adierazi zuen ez dutela “martxan dauden zaborren kudeaktea ereduetatik bakarra baztertzen”, eta ados agertu zen prozesu partehartzailea abiatzearekin. Bildu ere bat etorri zen erabakia partehartzearen bidez hartzearekin, baina mozioak Atez atekoa politikoki erabili nahi zuela salatu zuen. Bozketan 11 aldeko izan ziren (PSE, PNV eta PP) eta 9 kontrako (Bildu eta EE).

Ondoren, PSE-k 2011ko Foru Funtsa Finantzatzeko aurreikusitako likidazio negatiboa itzultzeari buruzko mozioa aurkeztu zuen. Mozio honetan Foru Funtsari egin behar zaion ordainketa atzeratzea eskatzen da, Udalaren egoera ekonomiko kaxkarra dela eta. Juan Carlos Merinok azpimarratu zuenez, “Beste alderdiekin adostasuna lortze aldera gure mozioa egokitu egin dugu”. EAJ-ko Maite Peña gustura agertu zen “denen arteko adostasuna lortu delako”. Julen Mendoza alkateak ñabardura bat egin zuen, halere: “adostasun batera iristea ona izan da, baina garbi utzi behar da aurreikuspen ezak ekarri gaituela egoera honetara”. Aho batez onartu zen mozioa.

Errenteriako Ezkerrak eta Bilduk mozioa aurkeztu zuten Santa Maria de Garoñako Zentral Nuklearra ixteko eskatuz. Ferradasek adierazi zuen “segurtasun kontua” dela. EAJ-k zenbait hobekuntza egin zizkion mozioari, eta PSE-k hala aitortu zion. Bildutik, Luisma Diez-ek galdetu zuen nori egiten zion onura Garoñako Zentrala irekita mantentzeak. “Lehen aldia litzateke munduan horrelako zentral batek 43 urte baino gehiago irauten duela martxan. Garoñakoa 50 urtez eduki nahi dute. Industria Nuklearra da egoera hau interesatzen zaion bakarra”, salatu zuen. Mozioak aldeko 19 boto izan zituen (Bildu, PSE, EAJ eta EE) eta abstentzio 1 (PP).

Hurrengo mozioa amiantoaren biktimen ingurukoa izan zen. Ferradasek azpimarratu zuen “Osalanen arabera 5.000 biktima daude EAEn, guztira 155 pertsona hil dira, eta horietatik bat Errenterian, joan den abenduan bertan”. Merinok adierazi zuen “gai honen inguruan kontzientzia handienetakoa duen herria” garela. Aho batez onartu zen mozio hau ere.

Moziorik luze eta eztabaidatuena EEk eta Bilduk Gipuzkoako Azpiegitura Handien inguruan aurkeztu zutena izan zen. Bere baitan 23 talde biltzen dituen “AHT ez!” ekimeneko kideek hartu zuten hitza. Obrak gelditzeko eta otsailaren 4ko manifestaziora joateko deia egin zuten. EE-k azaldu zuenez, “hausnartzeko unea da, eta gai honetan hiritarrei hitza ematekoa”. PP-ren iritziz, “obra handiak beharrezkoak dira”. Maite Peñak, EAJ-ko ordezkariak esan zuen “azpiegitura handiak ekonomia eta hiritarren bizi-baldintzak hobetzeko direla. Honek gizarte lehiakorragoa izatera garamatza.” Merinoren hitzetan “Jada nahikoa eztabaidatu da gai hauen inguruan. Ezin dugu dena gelditu orain, azpiegiturak ez dira berez txarrak”. Luisma Diez-ek, Bilduren izenean, adierazi zuen “lurralde antolaketa honek ez diela herritarren beharrei erantzuten”. PSE-k birziklatzeari buruz eztabaidatu nahi duela baina azpiegitura handiei buruz ez, eta hori “kontraesana” dela azpimarratu zuen Diezek. “Ez zaio eztabaidari beldurrik izan behar”, nabarmendu zuen. Mozioak 9 aldeko boto izan zituen (Bildu eta EE) eta 11 kontrako (PSE, EAJ, PP).

AHT ez! Ekimeneko kideek berriz hartu zuten hitza gizarte mailako eztabaidarik egin ez dela salatzeko, eta adierazi zuten “Espainian inon baino abiadura handiko tren gehiago daude, eta inon baino krisi handiagoa”. AHTa egiten hil diren bost langileak ere gogoan izan zituzten.

Hurrengoa PSEk eta Bilduk Kutxabankeko ordezkaritzaren inguruan aurkeztu zutena izan zen. Bi alderdiok Kutxa eta Gipuzkoarren interesen alde egin zuten, eta ordezkaritza errealitatera egokitzeko eskatu zuten. EE-k Kutxen “bankarizatzea” salatu zuen. Maite Peñak akordioa “irekia” dela esan zuen, eta “pena dela profesionalak eskatzen diren lekuan, horrela politizatu izana kontua”. Horrela, mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Bi mozio bozkatu ziren, beraz. Lehenengoak, EAJren mozio alternatiboak, PP-ren babesa jaso zuen, eta guztira 4 boto alde, 8 kontra (Bildu) eta 8 abstentzio (PSE eta EE). PSE eta Bilduren mozio nagusiak, berriz, 15 boto jaso zituen alde (Bildu eta PSE) , 4 kontra (EAJ eta PP) eta abstentzio 1 (EE).

Jarraian, PSE-k haur bahituen inguruan aurkeztu zuen mozioa aho batez onartu zen. Azkenik, Jose Manuel Ferradasek etxea galtzear den errenteriar baten kasua aipatu zuen. “Kutxak duela hilabete agindu zuen bere kasua argituko zuela, baina hilabete pasa da eta ez dute ezer erantzun. Herriko alkateari eskatzen diogu gaiaren inguruan zerbait egiteko”. Julen Mendoza alkateak argitu zuen zenbait gestio egin dituztela jadanik eta gehiago egiteko konpromisoa hartu zuen.

Iluntzeko zortziak jo berritan amaitu zen Udal Batzarra, guztira ordu t’erdiko iraupena izan zuena. Aipatu beharrekoa da Jose Maria Herzog PP-ko zinegotziak ez zuela azaltzerik izan.

No comments yet.

Utzi erantzuna