Berdintasun Kontseiluak indarkeria matxistaren aurkako puntu lilak banatu ditu herrian

Errenteriako Berdintasun Kontseiluak indarkeria matxistaren kontrako puntu lilak banatu ditu herriko komertzioetan zehar “Hemen ez dugu emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen” leloarekin.

Kanpaina honen markoan, hurrengo komunikatua argitaratu du Berdintasun Kontseiluak:

“Emakumeek jasaten dugun indarkeriak bereziki arduratzen gaitu eta horren aurrean zerbait egin behar dugulakoan gaude.

Zoritxarrez gure herrian ere bizi dugun errealitate bat da. Gogora ekarri nahi dugu 2008ko abenduan Agustinak auzoan bere bikoteak eraildako Clara Rangel Romero.

Bere bikotekidea hurrengo hilabeteetan epaituko dute eta herri honetan horrelako gertaerarik ez dugula onartzen ozen eta aho-batez adierazteko beharrean gaude.

Emakumeen hilketa euren bikoteen eskuetan gehien nabarmentzen den arazo soziala baldin bada ere, egunero isilpean indarkeria jasaten duten emakume asko dago gure herrian.

Emakumeenganako harreman oldarkor eta bortitz hauekin amaitzeko ezin bestekoa da herriak indarkeria hau salatzea eta gure konpromisoa eskaintzea aurrerantzean horrelako indarkeriarik eman ez daiten.

Honegatik, komertzio guztietan puntu lila zabaldu nahi dugu, emakumeenganako indarkeria ez dutela onartzen adierazi dezaten.

Denda, jatetxe, pelukeria, taberna, eta herriko komertzio guztiei gutun bidez puntu lila bidaliko diegu. Herritarrak animatzen ditugu, baita ere, euren auzoetako komertzioetan puntu lila jarri dezaten eskatzera.

Espero dugu hurrengo egunetan gure herrian emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera ikusgai izatea toki guztietan”.