Berdintasun Arloa: “Indarkeria matxistaren errealitatea da 2012ko erronkarik handiena”

“2012an daukagun erronkarik handiena indarkeria matxistaren errealitatea hobeto ezagutzea da,  emakumeei arreta ematen dieten zerbitzuekin lan egitea eta koordinazio handiagoa lortzea”, azaltzen du Maite Blancok, Errenteriako Udaletxeko Berdintasun Arloko teknikaria.

Orain dela aste bete baino ez indarkeria matxista salatzeko kanpaina bat jarri berri dute martxan hain zuzen Errenterian genero berdintasuna helburutzat duten bi udal organoen artean: Berdintasun Kontseilua eta Udal Arloa. Errenteriako komertzioetan zehar milaka puntu lila banatu dituzte “Hemen ez dugu emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen” leloarekin.

Bi organo hauek ibilbide laburra egin dute orain arte, baina lanez betea egon da. Kontseilua sortzeko erabakia Errenteriako Udalbatzak onartu zuen 2010eko irailean, Errenteriako Berdintasun Planean jasotakori erantzunez. Hamazazpi emakumeek osatzen dute eta hainbat ekimen martxan jarri dituzte: Mariasun Landa literatur sariak Errenteriako emakumeen ekarpenei buruz edota herriko emakumeen artean kirola egiteko laguntzak eta babesaren sustapen ekimenak, esate baterako.

Berdintasun Arloaren sorrera, berriz, Errenteriako Berdintasun Kontseiluaren ekimena izan da, berdintasunaren aldeko ekimenak txertatzeko hain zuzen ere, bai Udaletxearen erabaki eta politiketan, eta baita instituzio beran ere.

Udalaren barruan berdintasunaren “transbersalizazioa” bilatzen dute ere organo hauek; hau da, udal departamentu guztiek beren zereginetan genero ikuspegia txertatzea

Blancoren hitzetan, jasotzen dugun hezkuntzaren ondorioz “emakume eta gizonek paper ezberdinak dauzkagu” eta horregatik jendarteak “gizonek eta emakumeek egiten dutena modu ezberdinean baloratzen du”.

Hortaz, “udal departamentu guztiek jakin behar dute egiten duten lana gizon eta emakumeei zuzenduta dagoela eta batzuetan, errelitate desberdin horretatik hasten garenez, agian emakumeek behar dutela bultzada handiago bat edo politika ezberdinak markatu behar direla batentzako edo bestearentzako azkenean helburu berdina lortzeko”, azaltzen du.