Berdintasun Kontseiluak indarkeria matxistari buruzko lege aurreproiektuaren aurkako manifestuarekin bat egin du

Berdintasuna 2012-02-13 | 0

Errenteriako Berdintasun Kontseiluak Indarkeria Matxistaren Prebentziorako eta Biktimak Artatu eta Erabat Oneratzeko Lege aurreproiektuaren kontra dauden hainbat erakunde feministen alde azaldu da eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera arbuiatzen duen manifestuarekin bat egin du.

Lege aurreproiektu honen inguruan “ez da izan publizitate nahikorik, ez eztabaidarik eta ez herritarrek parte hartzeko modurik”, diote ostiralean Bilbon manifestua sinatzeko bildutako ia berrogehita hamar erakunde feministek. Gainera, informazio publikorako legeak ezarritako gutxieneko epea baino ez dela bete arrazoitzen dute eta horrek asko zaildu duela erakundeek eta beste eragile sozial batzuek aurreproiektu horren berri izatea hau eztabaidatu ahal izateko eta dagozkien alegazioak aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzaren lege aurreproiektuak berdintasun politikak, batetik, eta emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko politikak, bestetik, guztiz bereizten dituela uste dute erakunde feministek eta banaketa hau “hankasartze larria” dela azpimarratu dute.

Akats bat ikusten dute emakumeen indarkeriaren aurka ekiteko jarduera eta ekimenen erantzunkizuna Herrizaingo Sailaren eskuetan uzteko erabakian, horrek arazoa “polizializatzea” dakarrelako. Feministen ustez disziplina askotatik heldu beharreko erronka da indarkeria matxista eta bere ondorioak.

Manifestuaren sinatzaileen arabera, “aurreproiektuan jasotako planteamenduan, emakumeenganako gehiegizko babeskeria eta gurasokeria ageri da, ez alferrik, eta horrek biktimismo handiagoa ekartzen du, bai eta segurtasun falta handiagoa ere. Era berean, kalte egiten die emakumeei, indarkeriazko egoeretatik atera eta beren bizi-proiektua landu nahian neurriak eta zerbitzuak eskatzeko dutenĀ  gaitasunari dagokionez. Hori oso nabarmena da (eta kezkagarria) emakume gazte eta etorkin irregularrei dagokienez”.

Azkenik, lege aurreproiektu honekin emakume biktimen eskubideak ez direla handitzen eta baliabide edo zerbitzu berririk ez direla sortzen kritikatu dute.

Guzti honengatik, manifestua babesten duten erakunde eta gizarte eragileek Eusko Jaurlaritzario exijitzen diote jakinaraz dezala zertan diren orain aurreproiektua eta alegazio prozesua eta berehala geldi ditzala. Ildo berean, emakumeen kontrako indarkeriario nola heldu aztertzeko eztabaida publiko bat bultzatzea eskatu dute.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna