Errenteriak Añarbeko erreserba forestala gehiago ez atzeratzeko eskatu dio Aldundiari

Jasangarritasuna | Landa garapena 2012-02-15 | 0

Errenteriako Ingurumen Departamentuak idatzi bat helarazi dio gaur Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera bat eskatuz ingurumenaren aldeko hainbat gai tratatzeko, hauen artean Añarbeko erreserba forestalaren sorrera gehiago ez atzeratzeko eskakizuna.

Jose Manuel Ferradas, Errenteriako Ingurumen zinegotziak, Julian Unanue Mendi eta Natura Inguruneko foru zuzendari nagusiari zuzendu zaio eskatutako bileraren gai ordena aurkeztuz. Jorratu beharreko puntuen artean Añarbeko Erreserba izendatzeko eskakizuna azpimarratzen da.

Añarbeko baso komunalak 1700 hektarea inguruko azalera dauka zuhaitz masa handi batekin, Gipuzkoa eta Bizkaiako harizti handiena barne. Gune natural honek oinarrizko garrantzia du gainera eskualdeko klimaren erregulazioan, ur hornikuntzan eta tokiko bioaniztasunaren kontserbaziorako.

Horretaz gain, bidalitako idatzian Errenteriako Ingurumeneko arduradunek  hainbat inbertsio egiteko eskatuko diotela iragartzen diote Aldundiari, batez ere Listorretako atsedengunean eta baso bioaniztasunaren gaietan (pagadiak eta hariztiak), baita ibai, larre eta Aiako Harria Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Espazioen (KBE) erabilera publikoan ere”.

No comments yet.

Utzi erantzuna