Errenteriako autobusetan Lurraldebus txartela erabiltzeko akordioa aurkeztu dute

Errenteriako autobus zerbitzuetan Lurraldebus txartela erabiltzeko akordio berria aurkeztu dute gaur Unai Erroitzenea Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendariak eta Jon Txasko Errenteriako Ogasuna, Gizarte Zerbitzuak, Trafiko eta Garraio zinegotziak.

Garraio zinegotziak Errenteriako Udaletxean gaur eskainitako prentsaurrekoan zehaztu duenez, hasierako inbertsioa 100.000 eurokoa izango da eta urtero beste 45.000 euro sartuko dira udal aurrekontuetan Lurraldebus txartelaren sistema mantentzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, 37.500  euro bideratuko dizkio Errenteriako Udalari: 18.500 txartelak erabili ahal izateko makinak jartzeko izango dira eta 19.000 autobusetako softwarea egokitzeko.

Txartel berriak Errenteriako autobusetan erabiltzen hasteko bi hilabeteko epea eman du Txaskok, eta txartel bakoitzaren prezioa bost eurokoa izango dela iragarri du. Hau erabilita, bidai bakoitzaren kostua 0,58 eurokoa izango da. Bidai bateko tiket arruntak, 1,10 eurokoak, ez dira desagertuko.

Gainera, Errenteriako autobusetan Lurraldebuseko txartel arruntez gain, bereziak ere erabili ahal izango direla azaldu dute prentsaurrekoan (gazteenak, sozialak, adinekoenak, ezinduak eta familia ugarienak).

Horrela, 10 urte baino gutxiagoko haurrak autobusean doan igoko dira; 24 urtetik beherako gazteek eta 65 urtetik gorako helduek  %20ko deskontua edukiko dute eta, bestalde, maila orokorreko eta bereziko familia ugarietako kideek %20ko eta %50eko deskontuak izango dituzte, hurrenez hurren.

Tarifa soziala ere izango da Oinarrizko Errenta jasotzen dutenentzat: kasu hauetan garraio publikoa dohakoa izateko aukera egongo da. Mugikortasuneko zuzendari foralak azaldu duenez, txartel bereziei dagozkien hobariak Aldundiak hartuko ditu beregain. Uste da hobari hauek 9.000 euroko kostua izango dutela urteko.

Oso pozik agertu dira bi ordezkari politikoak sinatutako akordio berriarekin. Gaur egun, txartela Gipuzkoako herri arteko autobusetan erabiltzeaz gain, Hernaniko, Arrasateko, Irungo, Oiartzungo eta Donostiako hiri garraiotan ere erabil daitekeela gogoratu du Erroitzeneak.

Aldundiarentzat “urrats garrantzitsua” da hau, Errenteria biztanle aldetik Gipuzkoako hirugarren herria baita Donostia eta Irunen atzetik, eta bi horiek jada sartuta daudenez, oso pozgarritzat jo du Errenteriako herritarrei zerbitzu hau eskaintzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia gogor ari da lanean 2013an txartel bakarra errealitate izan dadin, herritarrek Gipuzkoako garraiobide publiko guztietan (autobusetan, Eusko Trenen eta Renfen) txartel bakarra erabilita bidaiatu ahal izan dezaten eta garraiobide bat baino gehiago erabiltzerakoan garraio aldaketak merke izan ditzaten.

Hori lortzeko lanketa teknikoa ez da erraza eta hilabete batzuk joango dira, baina bitartean norabide horretan urratsak ematen goaz. Errenteriakoa urrats handi bat da zentzu horretan, eta aurten beste pauso batzuk ere emango ditugu herritarrek gero eta aukera gehiago izan ditzaten garraio publikoa erabiltzeko.