Udalekuetara joateko izen emate epea zabalik da

Errenteriako Udalak urtero antolatzen dituen udaleku eta kanpamenduetara joateko izen emate epea zabaldu du martxoaren 9a arte. Horretarako, interesatuak Merkatuzarren kokatutako Gazte Informazio Bulegotik pasa beharko dira astelehentik ostiralera goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00tatik 19:00tara (ostiral arratsaldez itxita egongo da bulegoa).

Unai Unsuain Gazteria zinegotziak azaldu duenez, haurten abuztuko txanda desagertuko da oso eskakizun gutxi jasotzen zituelako eta, beraz, bi txanda egongo dira soilik, baina txanda eta lekua aukeratzeko plaza muga desagertu egingo da. Horrela, haur batek plaza lortuz gero, nahi duen txandan eta nahi duen lekura joan ahal izango da.

Plaza kopurua 2011ko bera izango da: 300 txikientzat, 450 udalekuetarako eta 100 Beire (Nafarroa) eta Lousadako (Portugal) kanpamenduetarako.

Zozketa martxoaren 14ean burutuko da eta honen emaitzak hurrengo egunean jakin ahal izango dira. Plaza lortzen dutenek matrikula egin beharko dute martxoaren 19tik 30era.

Unsuainek xehetasun gehiago eman ditu, hauen artean gizarte zerbitzuetatik bideratzen diren haurrentzat plaza batzuk gordeko direla, Txernobiletik uda pasatzera urtero etortzen diren haur ukrainiarrek udalekutan izena emateko aukera izango dutela eta, berritasun gisa, bixkiek batera joateko aukera izango dutela ere bietako batek plaza lortzen badu.

Bestalde, Gazteria zinegotziak udalekuen antolaketa lanak beregain hartu dituela jakinarazi du “lan handia” eginez eta 3.000 euroko aurrezpena lortuz, orain arte enpresa batek burutzen baitzuen lan hori.

Euskaraz eta gazteleraz triptiko bat argitaratu du Gazteria Departamentuak udelakuetako informazio guztiarekin eskoletara bidaltzeko eta ez etxeetara, orain arte egiten zen bezala, horrela beharrezkoa den triptiko kopurua murriztuz.

Ohar garrantzitsu bat kontutan izan behar dute triptikoa jasotzen dutenek, izan ere, udalekuen datak euskaraz ez dira zuzenak. Lehenengo txanda uztailaren 2tik 13ra izango da eta bigarren txanda uztailaren 16tik 30era burutuko da. Gaztelerazko datak zuzenak dira.