Emakumeek eta berdintasunak markatuko dute Errenteriako martxoko kultur agenda

Emakumeen eta berdintasunaren inguruko ekitaldi eta ekimenek martxoko kultur agenda markatuko dute Errenterian. Hasteko, Errenteriako Berdintasun Kontseiluak Emakumeen Eguna, martxoak 8, ospatzeko antolatu dituen ekitaldiak aurkeztu ditu.

Egun horretan, arratsaldeko 17:00tatik aurrera, auzoetako emakume elkarteek urtero burutzen duten dantzaz eta humorez beteriko jaialdia ospatzeari ekingo diote Galtzarabordako udal polikiroldegian.

Ondoren, martxoaren 10ean, II Mariasun Landa Sariak irabazi dituzten lanen sari emate ekitaldia burutuko da 12:00etan Xenpela Etxean. Bi sari daude: emakumezkoei begirada onenari eta emakumezkoen begirada onenari. Sari hauen helburua Errenteriako emakumeen lorpenak, ibilbidea eta herriari eginiko ekarpena azaleratzea da.

Ekitaldi honetan Joxepa Antoni Aranberri gogoratu nahi du Berdintasun Kontseiluak. Aurreko urteko Mariasun Landa Sarien irabazleak, Iñigo Legorburuk, bere istorioaren inguruko artikulua idatzi zuen eta aurten iazko lehiaketarekin lotura eginik berriz ere omenaldia egingo diote.

Honez gain, ekitaldiari hasiera emateko Skolastikaren arte bildumaren bisita gidatua izango da, martxoaren 7tik 24ra bisitatu ahal izango dena Xenpelar Kultur Etxean. Arte bilduman emakumeek egindako arte lanak daude, margo lanak gehienak baina baita eskulturak ere. Artista hasi berri eta artista famatuen lanak biltzen dituen arte bilduma da. Azkenik, sari banaketa ekitaldia girotzeko musika zuzenean eta aperitife txiki bat izango da. Herritar guztiak gonbidatuta daude sari banaketan parte hartzera.

Hilaren 15etik aurrera Amalatz taldeak antolatutako zine zikloak aurrera jarraituko du (Herri Biziako agendan begiratu dezakezute) Errenteria Hiria Kulturgunean eta, bertan ere, martxoaren 25ean Ohiulari Clown konpainiak “De película” lana antzeztuko du eta 31an Itzatu taldeak “Panteras del 69” antzezlana eskainiko du.