Gizon bat atxilotu dute Errenterian hiru kotxetan lapurtu eta udaltzainei jotzeagatik

Udal komunikabidea 2012-03-05 | 0

Errenteriako 31 urteko bizilagun bat atxilotu du Udaltzaingoak ustez Parke Kalean aparkatuta zeuden hiru kotxetan lapurtzeagatik eta bere bila joandako poliziei jotzeagatik.

Atxiloketa pasa den ostiraleko 06:10ak aldera gertatu zen bizilagun batek Udaltzaingoari deitu eta gero aipatutako kalean pertsona bat kotxe baten barnean lapurreta egiten ari zela salatzeko.

Hainbat patruila bertaratu ziren eta kotxe kaltetuak bilatzen ari zirenean pertsona bat antzeman zuten auto baten azpian uzkurtuta. Pertsona honen ezaugarriek lapurraren deskribapenarekin bat egiten zutela ikusi zuten udaltzainek. Susmagarria kotxe azpitik atera eta ihesean hasi zen hainbat gauza eskuetan zeramatzala. Momentu batetan malda batetik behera erori zen eta udaltzainek harrapatu zutenean kolpeka hasi zitzaien.

Atxilotua Udaltzain-etxera eraman zuten eta, horren ostean, kaltetutako kotxeak hiru zirela jakin zuten. Atxilotuak zeramatzan gauzen artean hainbat tresna aurkitu ziren, zulagailu bat, beroki batzuk eta arropa gehiago. Hauetako asko estreinatu gabe zeuden eta etiketak zituzten oraindik.

Errenteriar atxilotuak artikulu batzuk Donostiako denda batetan eta kotxe batetan ostu zituela egiaztatu zuten eta lapurreta egiteagatik aurrekariak dituela ere. Atxilotua epailearen esku geratu zen jabetzaren kontrako delituak eta agintearen agenteen kontrako erasoa egotzita.

Lapurretak oharkabean

Beste alde batetatik, Errenteriako Udaltzaingoak hilabete bakoitzeko lehen egunetan banketxeen inguruetan gertatzen diren lapurretak ekiditeko kanpaina bat martxan jartzen duela gogorarazi du. Lapurreta hauen biktimak erretiro-pentsioa jasotzera joaten diren adineko pertsonak izaten dira normalean eta, horregatik, Udaltzaingotik bakarrik joan ez daitezen gomendatzen da eta ez dezatela diru asko batera atera. Modu berean, diru-zorroak bistan ez eramatea aholkatzen da, leku hauetan ibiltzen diren lapurrak oso adituak izaten baitira mota honetako ebasketetan. Gainera, bikoteka egiten dute lan eta horrek asko zailtzen du delitua egin dutela frogatzea.

Bide batez, azken asteburuetan herriko zentroko komertzio eta tabernetan oharkabean burututako hainbat lapurreta antzeman direla jakinarazi du Udaltzaingoak. Lapurretok jendeak jarrera fidakor batekin poltsak, berokiak edo beste hainbat gauza edozein tokitan uzten dituztenean gertatzen dira eta dirua, mugikorrak edo txartelak lapurtzen dizkiete. Lapurreta hauek gauez gertatzen dira batez ere, beraz hiritarrei bere gauzak kontrolatzeko aholkatzen zaie.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna