Emakumeen jaia asteburuan zehar luzatu da Errenterian Mariasun Landa Sarien banaketarekin

Martxoaren 8aren inguruko ekimenak asteburuan zehar luzatu dira Errenterian Mariasun Landa Sarien banaketarekin. Ospakizunen hasiera  erantsitako bideoan ikusik dezakezute, ostegunean Galtzarabordako Polikiroldegian Emakumeen Eguna ospatzeko urtero burutzen den jaialdiaren irudiekin. Bertan gure herriko emakumeen elkarteek ikuskizun eder bat eskaini zioten polikiroldegira azaldutako ehunka herritarrei.

Larunbatean, martxoak 10, Mariasun Landa Sarien banaketa izan genuen Xenpelar Etxean. Ekitaldia Skolastikaren arte bildumaren bisita gidatuarekin hasi zen. Manolita Hundersek, artista eta lan batzuen egileak gidatu zuen bisita. Skolastikaren arte bilduma urteetan bildu dituzten artelanez osatuta dago. Emakumeek egin dituzten lanak dira, ohikoak ez diren teknikak erabiliz. Lehenengo aldia da Skolastikak bere arte-lan guztiak erakusketa batean biltzen dituela. Erakusketa ikusgai egongo da martxoaren 24 arte.

Jarraiki, ekitaldia ospatuko zen aretora sarrera eginez, biolin bikote batek pieza batzuk jo zituen. Ondoren Elixabete Perez Gazteluk, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Faskultateko irakasleak, Joxepa Antoni Aranberri gogora ekarri zigun, bere bertso eta bizitzaren inguruko xehetasunak eskainiz.

Aurreko urteko Sariak irabazi zituen lanak ezagutarazi zigun Joxepa Antoni Aranberri eta aurten Berdintasunerako Kontseilukoek omenaldia egin nahi izan diote bere bizitzan gehiago sakonduz. Azkenik, Mariasun Landa berak sariak banatu zituen. Aurtengo irabazlean hurrengoak izan dira:

Emakumeei begiradarik onena:

Maite Ruiz de Azua “Julia Irazu, una de aquellas maestras pioneras” lanagatik. Lan honek hogeigarren mendeko emakume baten eta horren bitartez gizarte hartako beste emakume askoren bizitza eta bizimodua kontatzen digu. Bestela kontatu gabe gera zitekeen historia bat da.

Emakumeen begiradarik onena:

Karmele Mitxelena “Dena Duna” lanagatik. Sorkunen “sorrera” eta bilakaera kontatzen du lan honetan bere egileak. Ondo idatzita eta kazetaritza jantziari eskatzen zaion zorroztasuna duena eta horrekin batera ikuspegi pertsonala gordetzen dakiena, bere iritzia eta gustua azalduz. Ekitaldia bokadu txiki batekin amaitu zen.

Bestalde, hilaren 15etik aurrera Amalatz taldeak antolatutako zine zikloak aurrera jarraituko du (Herri Biziako agendan begiratu dezakezute) Errenteria Hiria Kulturgunean eta, bertan ere, martxoaren 25ean Ohiulari Clown konpainiak “De película” lana antzeztuko du eta 31an Itzatu taldeak “Panteras del 69” antzezlana eskainiko du.