Udaltzaingoak segurtasun gerrikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina burutuko du aste honetan

Errenteriako Udaltzaingoak segurtasun gerrikoen eta haurren segurtasun eserlekuen erabilera kontrolatzeko kanpaina bat burutuko du aste honetan, Euskadiko 2012rako Bide Segurtasun Plan Estrategikoarekin bat eginez. Helburua garraioak erabiltzen dituen pertsona orok beharrezkoak diren segurtasun neurriak egoki erabiltzea da.

Autoan inolako loturarik ez daraman adingabetu batek bost aldiz aukera gehiago dauzka kalte larriak jasateko istripu bat gertatzen bada. Horrexegatik Zirkulazio Araudi Orokorrak gidaria eta bidaiariak gerrikoa edo haurraren eserlekua modu egokian jarrita eramatera behartzen du errepide guztietan, gogoratu du Udaltzaingoak.

Adingabetu bat kaltetua izaten bada, gidariaren erantzunkizuna izango litzateke. Arau hauen ez betetzea larria litzateke eta 200 euroko isuna eta gida-baimeneko hiru punturen galeraren zigorra dakar. Hala ere, adigabetuen bizitza arriskuan jartzea da guztietan larriena.

Izan ere ez dugu ahaztu behar haurrak direla kalteberenak autoan goazenean. Utzikeriak, presak, alperkeriak edota ez jakiteak haur batzuk babesgabe egotea ekarri dezakete kotxean bidaiatzen dutenean. Egokiak diren segurtasun neurriak erabiltzea istripu bat gertatzen denean haurren heriotzak %75ean murriztuko lituzke eta zauri larrien %90a.