Udalak eta Herribusek zuhaitz hektarea bat landatuko dute isuriketa kutsakorrak murrizteko

Herribus SA bidaiarien garraiorako enpresak eta Errenteriako Udalak, elkarlanean hiri barruko garraio zerbitzua ematen dutenak, hitzarmen bat sinatu dute San Marko mendian hektarea bateko lursail landugabe bat basoberritzeko.

Hala jakinarazi dute Jon Txasko Errenteriako Trafiko eta Garraio zinegotziak eta Paco Ruiz Herribuseko kudeatzaileak  Udaletxean gaur eskainitako prentsaurreko batetan. Udalak basoberritze lanak egingo ditu eta Herribus enpresak 3.000 euro jartzeko konpromezua hartu du. “Ingurumena babesteko ahalegin sakonagoa egin nahi duen lankidetza hitzarmena da”, adierazi du Txaskok.

“Bi aldeak jakitun gara hainbat baso-politiken ondorioz higadura arazoak sortu direla eta bioaniztasunean galerak izan direla, eta, hori dela eta, hitzarmen publiko-pribatu hau proposatzen dugu ingurumena berreskuratzera bideratuta, Lau Haizeta Parkean kokatutako lurretan bertako espezieak landatu ahal izateko”, gaineratu du.

Prentsaurrekoan garraioaren sektoreak, energiaren eta industriaren sektoreekin batera, klima aldaketaren arazoan duen eraginari buruz hitz egin dute. Honen harira, hitzarmen honekin “garraio publikoa erabiltzeak berez ekartzen duen kutsadura murrizketaz gain, adostutako baso landaketaren bidez isurtzen den CO2ren konpentsazioa” lortuko dela azpimarratu du zinegotziak .

Hori horrela, egindako kalkuluen arabera, 20 urteren buruan sortuko den baso naturala gauza izango da atmosferan pilatutako CO2ren 250 tona jasotzeko. Urteen poderioz kopuru hori handitzen joateaz gain, erretenitu ere egingo du, egurra eta materia organikoa sortzearen bidez.

Txaskok eta Ruizek adierazi dutenez, aukera hau baliatu nahi izan dute ingurumenaren alorreko kanpaina proaktiboak sortzearen aldeko kontzientzia sustatzeko, “horretarako errespetuzko praktikak erabilita,  publizitatea paperean sortzeko erruz erabilia den baliabide ez-errespetuzkoa baztertuta. Izan ere, paper horrek paperontzietan du amaiera eta zalantzan jartzen du gizarteak ingurumenarekiko hartu duen konpromisoaren sinesgarritasuna”, azaldu du zinegotziak.