Merka2sanmarcos bigarren eskuko merkatua Errenterian burutuko da igandean 82 posturekin

San Markoseko Mankomunitateak bultzatutako Merka2sanmarcos bigarren eskuko merkatua Zumardian ospatuko da igandean 10.00tatik 14.00tara. Ekimen honen bostgarren edizioa da hau eta hondakinen sorrera murriztu eta prebenitzea du helburu.

Mankomunitateak azaldu duenez, 73 pertsonek eman dute izena postu bat izateko igandean, hauetatik 14 errenteriakoak, eta hurrengo erakunde eta ikastetxeak ere animatu dira: Illimani erakundea, MIAUKA, Intxaurtxiki konpartsa, Leitzaran Ikastetxea, Errenteriako Udal Artxiboa, Birzikletak, Eskabide Elkartea, Arditurri Ingurumen Elkartea, Alaia Aisia Elkartea.

Hortaz, guztira 82 postu izango dira. Hala ere, posturik erreserbatu ez dutenek ere parte hartu dezakete haien gauzak Gordailu/Salmentarako egongo den postuaren bidez.

Mankomunitateak gaur egun erabiltzen ez ditugun gauza asko badirela gogorarazi du; esaterako, arropa, liburuak, jostailuak, kirol-materiala… Gehienak egoera onean daude; baina, hala ere, zaborretara bota edo kaxatan pilatzen ditugu. Horrenbestez, guretzat erabilera galdu duten gauzak truka, opari edo saltzeko proposamena zabaltzen du erakunde honek produktuen iraupena luzatzeko eta berrerabilera sustatzeko.

Eguraldi txarra izanez gero, bigarren eskuko merkatua Merkatuzarrera mugituko litzateke. Honi buruzko informazio gehiago eskuragarri dago www.merka2sanmarcos.org webgunean edo 943 670249 zenbakira deituz.