Oarsoaldeko igerileku guztiak erabili ahal izateko proba pilotua bi hilabetez luzatuko da

Oarsoaldea eskualdeko Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek eskaintzen dituzten kirol zerbitzu batzuk partekatzeko aukera aztertzearren, martxoan zehar udal horien instalazioetan egitekoa zen proba maiatzaren 31 arte luzatuko da. Beraz, guztira 3 hilabete iraungo du proba honek; hartara, azterketa zehatzagoa izango da, eta emaitza esanguratsuagoak emango dizkigu.

Horrela, Errenteria, Oiartzun eta Lezoko udaletako kirol patronatuen instalazioetako abonatuek, eta baita Trintxerpeko kirolguneko eta Donibaneko kiroldegiko abonatuek ere, Errenteriako (Galtzaraborda eta Fanderia), Oiartzungo (Elorsoro) eta Lezoko (Altzate) igerilekuak erabili ahal izango dituzte, osagarririk ordaindu gabe.

Abonatuek igerilekuetarako sarbidea bakarrik izango dutela gogoratu dute udalek; ez dute aukerarik izango instalazioetan egiten diren igeriketa-ikastaroetan parte hartzeko, ez eta instalazioetako gainerako gune, erabilera eta jarduerez gozatzeko ere. Instalazioetara sartzeko, ezinbestekoa da abonatu-txartela erakustea.

Proba honen helburua eskualdeko herritarren beharrak eta erabilerak aztertzea da, haien interesei elkarrekin erantzun ahal izateko. Horretarako, 3 hilabete hauetan jasoko diren datuak uda partean aztertuko dira.