Zuhaitzaren Eguna ospatzeko 220 zuhaitz berri landatuko dituzte Belaunaldien Basoan

Zuhaitzaren Eguna ospatzeko 220 zuhaitz berri landatuko dituzte Errenterian datorren larunbatean, Arramendiko Belaunaldien Basoan. Landaketa 2011an jaiotako haurrek egingo dute beren senideez lagunduta.

Luisma Diez eta Jose Manuel Ferradas Hirigintza eta Ingurumen zinegotziek gaur eskainitako prentsaurrekoan10 espezie ezberdinetako zuhaitzak landatuko direla jakinarazi dute, hauen artean haritzak, arteak, elorriak eta sagarrondoak.

Ekimen hau burutzen den bostgarren aldia izango da. Orain arte haurren izena eta jaiotze data plaka batetan idatzi eta gero zuhaitzen ondoan ipintzen zen, baina Ferradasek azaldu duenez, “plakak hondatu egiten dira eta Belaunaldien Basoari ematen zioten itxura ez zen txukuna, beraz kendu egin ditugu eta aurten ez dituzte jarriko zuhaitza landatzen dutenek”.

Horren ordez, haurraren informazioa eta landatutako zuhaitz bakoitzaren ezaugarriak eta kokapen zehatza datu base digital batetan sartuko dira eta www.errenteriaenverde.net webgunean ikusi ahal izango dira haurraren izen abizenak bertan idatziz. Webgune honetan, gainera, Errenteriaren ingurumenari eta florari buruzko informazio asko dago eskuragarri, eta baita udal teknikariei zalantzak eta proposamenak helarazteko aplikazio bat ere.

Udalak arbola landatzera deituta dauden haurren familiei deialdia zabaldu die jadanik. Zuhaitzak lau txandatan landatuko dituzte. Udaltzaingoaren egoitza izango da topagunea bertatik Arramendira igotzeko. Lehenengo txandan daudenak 10:00etan azaldu beharko dute; 10:45etan bigarren txanda, hirugarrengokoak 11:30tan eta azken txandakoak 12:15etan.

Zinegotziek puntualitatea eskatu diete landaketa egitera gonbidatuta dauden guztiei. Modu berean, txandak ahalik eta gehien errespetatzeko eta Belaunaldien Basoa zaintzeko haurrekin bi heldu soilik bertaratzea eskatu dute.

Lanak amaitzean mokadu bat dastatu ahal izango dute landaketan parte hartu duten guztiek  Pontikako Zaharren Egoitzan.