Errenteriako Udalak Bateragune auziaren izaera politikoaren salaketa berresten du

Lerro hauen azpian Errentetriako Udalak gaur Bateragune kasuaren harira kaleratu duen adierazpen instituzionala irakurri dezakezute:

Datorren martxoaren 28an, Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren helegitea aztertuko du Madrilen. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodríguez eta Sonia Jacinto hamar eta zortzi urtetako kartzela zigorrera kondenatu zituen Entzutegi Nazionalak ETAkoak izatearen akusaziopean.

Errenteriako udalak berretsi egiten du 2011ko irailaren 27ko udalbatzan hartutako akordioa eta honakoa adierazten du:

1.- Errenteriako udalak bere egiten du gure herriak bizi duen bake-prozesua eta normalizazio politikoa erakunde eremutik defendatzeko eta sustatzeko konpromisoarekin.

2.- Errenteriako udalak salatzen du Bateragune kasuko epaiaren izaera politikoa, eta Estatu espainolari eskatzen dio, bake prozesurako eta normalizazio politikorako ekarpen berriak egitearren, egun ukiezinak diren epaiketa politikoei amaiera emateko.

3.-Errenteriako udalak Auzitegi Gorenari eskatzen dio, Bateragune auzian Entzutegi Nazionalak emandako ebazpena bertan behera uzteko eta zigorturiko pertsona guztien askatasuna exijitzen du, bereziki Errenteriako Sonia Jacintorena.

4.- Akordio hau igortzea Auzitegi Gorenari.