Irrien Lagunak egitasmo partehartzaile eta hezitzailea abian da Oarsoaldean

Euskara | Herri Biziaren Bidean | Hezkuntza | Partehartzea | Sareak 2012-04-02 | 1

Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo herritarren topaketa jendetsua izan zen pasa den astean Irrien Lagunak egitasmo partehartzaile eta hezitzaileari hasiera emateko. Errenteriako Merkatuzar izan zen bilgunea. Bertara ehun bat heldu eta 50 bat ume azaldu ziren eta denen artean ekimena gorpuzten hasi ziren, horretarako parte hartze prozesu bat zabalduz.

Irrien Lagunak ekimenaren helburua ez da aisialdi arrunt bat antolatzea. Aitzitik, balioetan hezitzailea izango den aisia egitarau bat apailatzea da xedea, baina bi mailatan gutxienez: hezitzailea bai edukietan eta baita egiteko moduan ere. Hortik, helburu izatea herritarren arteko sarea, eta baita herritar eta Udalen artekoa ere, sendotzea. Eta hortik, umeak helduekin batera berdinetik berdinera erabakietan integratzea.

Topaketan lau gai landu eta aberastu dira: aisia hezitzailea, partaidetza, hizkuntzen ekologia eta auzolana. Zer diren eta nola aplika daitezkeen eztabaidatu da taldeka. Lau horiexek dira, hain zuzen, egitasmo honen zutabeak. Horien gainean, eta horiek tresnatzat hartuz, eraikiko da egitarau zehatza.

Jadanik bi ekimen zehatz daude proposatuta: lehenengoa iraila-urria inguruan Oarsoaldean jai bat egitean datza. Bigarrenak ondoren herri bakoitzean ikasturte oso bat iraungo duen aisia egitaraua martxan jartzea izango du xede. Bi horiek antolatzeko garaia da oraingoan. Esan bezala, edukia eta egiteko modua erabat lotuta ditu egitasmoak: hezitzailea izango da, eta egiteko modua parte hartzailea, irekia eta inklusiboa.

Hemendik aurrera herri batzarrak osatuko dira herri bakoitzean, eta horietan erabakiko da ze lan talde antolatu. Herriaren indargune eta ahulguneak indentifikatu ondoren, aisia egitaraua eraikitzen hasiko da.

Merkatuzarren burututako topaketaren argazki gehiago ikusi ditzakezute esteka honetan.

Egitasmo berritzailea euskararen alde

Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenak herritarrak eta antolatuko dituen herri batzarrak ditu oinarri nagusi. Hori izango da lan leku eta erabaki gune. Horien laguntzaile dira Irrien Lagunak Kluba eta Sorguneak ikertegia. Irrien Lagunak Klubak orain hiru urte zabaldu zituen ateak umeei aisialdirako euskarazko produktuak eskaintzeko asmoz. Webgunearekin eta aldizkarirekin plazaratu zen. Geroztik, egitasmo gehiago jarri ditu abian, besteak beste, Zeraingo barnetegia eta urteroko Irrien Lagunen festa.

Porrotx, Pirritx eta Marimotots pailazo ezagunak dira proiektu horren parte, eta Oarsoaldeko ekimenari ume eta helduentzat erabat ezagun den iruditeria eta balio mundua eskaintzen dizkiote nahierara erabil ditzaten. Sorguneak Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko iker taldea da. Ikertegi honen lan eremua euskal kultura da eta berau biziberritzeko estrategiak proposatzea du helburu. Zentzu horretan, ikerketa aplikatua egiten du. Abiapuntuko hirugarren hanka Oarsoaldeko euskara teknikariak dira. Lehenagotik ere oso estimatuak euskararen transmisio eta normalizazioan egiten duten lanagatik.

Otsaila bukaeran eta martxoa hasieran, egitasmoaren herriz herriko aurkezpenak egin ziren. Guztira, gutxi asko, lau herrien artean, 130 bat lagun bildu zen. Eta horietatik 120 parte hartzeko prest agertu ziren. Banakako, guraso, talde, elkarte eta ikastetxeetako jendea bildu zen oro bat, bai eta Udaletako hainbat agintari politiko eta hainbat alorretako teknikari ere. Gizon eta emakume, gazte eta heldu, eta baita umeren bat ere.

No comments yet.

Utzi erantzuna