Aste Santuko oporrekin batera, II Mundu Gerra amaitu da Errenterian

Beharbada Aste Santuko oporretan soldaduz eta gangsterrez osatutako taldeak ikusi ahal izan ditu batek baino gehiagok Errenteriako kaleetan zehar. Arrazoia ez da baina Hitler edo Stalinen armadak berpiztu direnik, baizik eta II Mundu Gerra eta gatazka honen aurreko urteak izan direla 2012ko Topaketa Errunikoen gai nagusia. Estatu guztiko 700 pertsona inguruk parte hartu dute rol-jokoen inguruko jardunaldi hauen azken edizioan.

Aurten berritasun nagusia parte-hartzeileen seme-alabentzat espreski prestatutako jarduerak izan dira, Xabi Greñok azaldu duenez. Izan ere, denbora asko pasa da 1997an jardunaldi hauek Reyna aretoan antolatzen hasi zirenetik eta gaur egun parte-hartzaile askok urte gehiago dituzte eta haurrak ere bai, eta hori da hain zuzen ere txikientzako jarduera hauek prestatzeko arrazoia.

Jardunaldi hauek, Atlas elkarteak antolatuta Udalaren laguntzarekin, geroz eta jende gehiago erakartzen dute eta rol-jokoen zaleeen artean arrakasta handia dute. Gainera, herriko ekonomiaren suspertzaile dira Aste Santuko oporretan.

Bideoan Xabi Greñok topaketen inguruko lehen eskuko informazio gehiago dakar.