Dejabu antzerki taldearen ‘Gure bide galduak’ lan arrakastatsua Errenteriara bueltatuko da

Kultura 2012-04-13 | 0

Ez da maiz gertatzen antzerki talde batek bere lan bat eszenatoki berdinean bitan eskaintzea, baina Dejabu konpainiaren kideentzat herri berezia da Errenteria. Herri hau hainbeste arrakasta ekarri dien Gure bide galduak antzezlanaren sustraietan dago, batetik Dejabu talde errenteriarra delako eta, bestetik, herri honen historiarekin oso lotuta dagoelako aipatutako obra.

Ikuskizun hau Errenteria Hiria Kulturgunean estreinatu zen lehenengoz pasa den urtearen maiatzean. Hortik aurrera, Dejabukoek ibilbide oparo bat izan dute lan hau antzezten hainbat eszenatokietan, Donostia Hiria Antzerki Saria irabaztera heldu zirelarik pasa den otsailan.

Arrakasta hau ospatzeko abiapuntura bueltatzea erabaki dute eta, horrela, apirilaren 22an, arratsaldeko 19:00tan, Errenteria Hiria Kulturgunean Gure bide galduak eskainiko dute berriz ere. Gainera, ikuslegoarekin solasaldi bat izango da ikuskizuna amaitutakoan.

Sinopsia

70eko hamarkadaren azkenetan. Kattalin, Nafarroako baserri giroko herri txiki batetik  Oreretara doa osabaren etxera bizitzera, Donostian irakasle ikasketak egiteko. Garai mugituak dira. Azken urteetan fabrika erraldoiak eraiki dituzte. Herrixka izandakoak “hiri” bilakatu dira. Franko hil berri, Euskal Herria aldaketa sakonak ari da bizitzen. Fabriketan gero eta ohikoagoak dira patroien kontrako liskarrak eta egoera politiko berriak herri mugimendu antolatu bati egin beharko dio aurre.

Sarrerak

Errenteria Hiria Kulturgunearen ordutegiak sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko (ekitaldiaren astean) lehiatilak astearte, ostegun eta ostiraletan 18:00tatik 20:00tara egongo dira zabalik eta asteazkenetan 11:00tatik 13:00tara. Emanaldiaren egunean saioa hasi baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira plazak geratzen badira.

No comments yet.

Utzi erantzuna