Pasa den astean gertatutako hondakin-uren isuriketa errepika ez dadin lanean ari dira

Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ingurumen eta Mendi zinegotziak pasa den apirilaren 4ko goizean Ondartxoko auzoan kokatzen den hondakin-uren ponpaketa estazioan matxura bat gertatu zela komunikatu du. Arazo horren ondorioz, bolumen handiko hondakin-uren isuriketa bat izan zen ibaian barrena eskuinaldeko hodi biltzailetik, Etxeberrieta kokatzen den puntuan.

Bizilagun baten abisua jaso eta gero, Ingurumen eta Mendi arloko zerbitzu teknikoak puntu horretan bertaratu ziren eta, egoera ikusita, larrialdi deia egin zioten Udaltzaingoari eta Añarbeko Mankomunitateko Saneamendu Sareen Zerbitzuei, entitate publiko hau baita, hain zuzen ere, eskualdean hondakin-uren kolektore orokorren kudeaketaren erantzunkizuna duena.

Ondartxoko kaltetutako ponpaketa estaziora etxebizitzetako hondakin-urak iristen dira, baita Errenteria, Donibane, Oiartzun eta Lezotik. Halaber, Papresatik ere iristen dira ur hauek. Ur guztiok ponpaketa putzura sartzen dira altuera jakin batetara heltzen diren arte. Orduan, lau ponpetako lehena lanean hasten da ur zikin hauek bi hodien bitartez Herreran kokatutako azpiegitura batetara eta hortik Loiolako estazio araztailera (EDAR) iritsi arte.

Ondartxoko lehen ponpa honekin ez bada nahikoa putzuko uraren maila murrizteko (ura indar askorekin sartzen, batez ere euri asko egiten duenean) bigarren ponpa martxan jartzen da, gero hirugarrena eta horrela, hurrenez-hurren, laugarren ponpa aktibatu arte, horrela aldi berean lau ponpek batera lana egiten dutelarik.

Arazoa ponpen aktibazio automatikoak ez zuela erantzun izan zen. Sistema hau martxan egon behar du ponpak piztu daitezen, baina Mankomunitateak ikertu zuenez, matxura guztiz ustekabekoa izan zen eta aurretik jakiteko ezinezkoa.

Gainera, matxura honekin batera beste bat gertatu zen, funtzionamendu okerren alarma sistemak ere ez zuelako erantzun. Mekanismo honek Mankomunitateko Saneamendu Sareen Zerbitzuko tekniko eta ofizialei arazoak daudenean abisu automatiko bat helarazten die, egun hartan iritsi ez zitzaiena. Horrexegatik Mankomunitateko teknikariak ez ziren ponpaketa estaziora bertaratu Udalaren premiazko abisua jaso zuten arte.

Saneamendu Sareen Zerbitzua akats hauen jatorria ikertzen ari da eta baita sistema honetan hobekuntzak egiteko aukerak ere, kontrol mekanismoak bikoiztuz Ondartxoko azpiegituran, horrelako gertakari larriak errepikatu ez daitezen.

Bukatzeko, Ferradasek herritarren kolaborazioa eskertu du eta gertatutakoarengatik bere atsekabea adierazi du eta bere kompromezua berretsi du uraren kalitatearen eta inrudumenaren alde.