PSEko zinegotzi berria eta hezkuntza murrizketen inguruko eztabaida udalbatzarran

Apirileko udalbatzarra asteartean izan beharrean, ohikoa den bezala, atzo ospatu zen, ostegunean. Arratsaldeko 18:30ean hasi zen saioa, aurreko bilkurak baino laburrago izan zena. Bederatzi puntu zeuden gai-ordenean, gehienak izapide administratibo hutsak. Hemen duzue gai-ordenaren dokumentua ikusgai.

Puntu nagusiak Altxu kalearen izendapena, Irakaskuntzaren kalitatearen inguruan Errenteriako Ezkerrak aurkeztutako mozioa eta Juan Carlos Merinoren ordezko izango den Isaac Palenciaren izendapena ziren. Errenteriako Ezkerraren mozioa ezik, gai ordeneko puntu guztiak aho batez onartuak izan ziren.

Lehendabizi, PSEko Juan Carlos Merino zinegotzi ohiaren ordezkoak, Isaac Palencia 24 urteko gazteak, bere kargua hartu zuen eta alkatearen ongietorria jaso zuen. Merinok, Errenteriako alkate ohia, iragan den osoko-bilkuran utzi zuen bere kargua. Herri Bizian bere ibilibideari buruzko elkarrizketa bat egin genion, hemen ikusi dezakezutena.

Ondoren, Altxu kalearen izendapena mahaigaineratu zuen udalbatzarrak. PPko Jose Manuel Herzog zinegotziak Errenteriako Gaztaño Pasealekuaren izena Altxu kalea izenarengatik aldatzeko komenigarritasuna onartu bazuen ere, modu “ez oso demokratikoan” hartu dela erabakia kritikatu zuen. Bilduko Luisma Diezek azaldu zuen Gaztaño auzoko bizilagunekin adostu zela aldaketaren beharra eta baita Altxu auzokidearen izena jartzea ere. Garraiolari eta mezulari askok Gaztaño pasealekua bilatzen zuten eta, auzotik bertara biderik ez dagoenez, itzuli handi bat eman beharra zegoen pasealekura heltzeko.

Santi Vicente ‘Altxu’ 2006an zendu zen Gaztañoko auzotarra Euskal Herriko gay eta lesbianen askapen mugimenduko sortzaileetako bat izan zen eta hainbat irrati herrikoietan esataria gisa jardun zen. Xenpelar Etxean Errenteriako memoria historikoa berreskuratzeko lanean ibili zen ere eta, oro har, eragile sozial handia eta ezaguna izan zen. Bere lagun eta senideek, udalbatzarrera bertaratu zirenak, txaloka hasi ziren Bilduko zinegotziak Altxuren biografiaren errepasoa amaitu zuenean. Kalearen izendapen berria aho batez onartu zen.

Ondoren, Irakaskuntzaren kalitatearen inguruan Errenteriako Ezkerrak aurkeztutako mozioaren txanda izan zen. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako zinegotziak Madrilgo gobernuaren murrizketak salatu nahi izan zituen mozio honekin. Irakasleak kaleratu eta klase bakoitzeko ikasle kopurua handitzea bezalako neurriak eskola publikoaren kontra doazela argudiatu zuen Ferradasek, “guztion eskolaren” kontra.

Murrizketa hauekin PPko gobernuak 3.000 miloi euro aurreztu nahi dituela gogoratu du Ferradasek, baina dirua ez xahutzeko beste bideak badirela azpimarratu zuen, adibidez elizarekin konkordatoa deusestatuz, 10.000 miloi euro aurreztuz estatuari. Zentzu honetan, “iruzur fiskala nolabait ezabatuz gero, 35.000 miloi euro aurreztu daitezke gutxienez”, gaineratu zuen Ferradasek. Eusko Jaurlaritzari beharrezkoak diren pausoak ematea eskatzen dio mozioak hezkuntzaren arloan murrizketa hauek aplikatuak izan ez daitezen.

PPko Jose Maria Herzogek bere alderdiak “kalitatezko eta dohako hezkuntza unibertsalaren aldekoa” dela esan zuen, baina “ez dago dirurik, Ferradas jaunak pintatzen ez badu behintzat”. EAJk, bere aldetik, abstentzioa egingo zutela iragarri zuten, nahiz eta murrizketen kontra egon, erkidego eta udalerrien mailan badirelako hezkuntzaren finantzazioan eskumena duten beste erakunde batzuk (Kontzertu Ekonomikoaren Batzordea eta EUDEL) eta hauek diotena errespetatuko zutela adierazi zuen.

PSEtik Jose Angel Rodriguezek azaldu zuen “gurutzatu ezin diren muga batzuk” badaudela, “eta haueako bat hezkuntza da”.  Bilduko Luisma Diezek murrizketak “eskola publikoaren eta hezkuntzaren kalitatearen aurka” doazela azpimarratu zuen. Diezek murrizketak egiteko beste hiru arlo proposatu zituen dirua aurrezteko: monarkia, Defentsa Ministerioa eta Herrizaingo Ministerioa.

Mozioa aurrera atera zen Bildu (8 bozka), PSE (7) eta Errenteriako Ezkerraren (1) aldeko bozkekin. EAJren bi zinegotziak abstentzioa egin zuten eta PPko bi zinegotziek kontra bozkatu zuten.

Galdera-eskarien tartean Julen Mendoza alkateak aurreko osoko bilkuran talde politikoek enplegu lan bat adosten saiatzeko asmoa zutela gogoratu zuen, eta atzoko bilkuran aurkeztekoa zela akordioa. Hala ere, taldeek oraindik lanean dihardutela jakinarazi zuen alkateak eta hurrengo batzarrean enplegu planari buruzko proposamen zehatz bat mahai gainean jartzen saiatuko direla.

Aipatzekoa da Maite Peña EAJko zinegotzia ezin izan zela bilkurara azaldu. Guztira 35 minutu inguru iraun zituen udalbatzarrak, arratsaldeko 19:15ak aldera amaituz.