Mikelazulok Eztena jardunaldiak antolatzeko lantaldeak osatzeko deia egin du

Mikelazulo Kultur Elkarteak, aurtengo ekainean, azken hiru urteetan bezala, Eztena izeneko jardunaldiak antolatuko ditu Errenteria- Oreretan. Antzerki-dantza ikuskizunak dira ekimen hone ardatz.  “Ikasi eta hazten jarraitzeko gogoz gabiltza beti eta aurten, lan zehatz eta sakonagoa egite aldera, jaialdiaren antolaketan hiru lantalde sortu ditugu”, azaldu dute elkartetik.

1 . SORTZAILEAK. Zein lan mota gonbidatu nahi diren, zein antzerki mota ikusarazi nahi diren oso garrantzitsua da elkartearentzat. Antzezlanak jorratzen duen gaia, lan egiteko modua eta estetika ausartak izatea nahi du Mikelazulok.

2. ANTOLATZAILE- PROGRAMATZAILEAK. Jaialdi askotan ohikoak diren salerosketa harremanetatik kanpo kokatu nahi dute Eztena. Antzerki programazioaren errealitateari begiratu nahi zaio, kultur- antolamendua berrantolatzeko garaia dela uste dutelako Mikelazulokoek. Antzezlanak ikustera gonbidatzeaz gain, antolatzaileak bildu nahi dituzte euren jardunaren berri izateko. Asmoa da “zer, nola eta zergatik programatzen den eta zer, nola eta zergatik programatu daitekeen, zer egin dugu baina, zer egin dezakegu? Galdera hau erantzuten saiatu nahi dugu antolatzaile- programatzaileak sortzaileekin aurrez- aurrez jarrita”, diote elkarte kultural errenteriarratik.

3 . IKUSLEAK. “Aktibo eta parte- hartzailea den ikuslego batean sinesten dugu. Hau da, sarrera ordaindu, programatutakoa ikusi eta besterik egiten ez duen ikusle horri, herrian antolatu eta ospatzen den jaialdi baten parte subjektu aktibo izateko eskubidea eta aukera eskaini nahi diogu”, azaldu dute.

Antolaketa bilkura

Formula berrien bila dabiltza Mikelazulon, eta horregatik, idei truke bat bilatuz, elkarteak bilera batera gonbidatu nahi ditu antzerkian interesdunak. “Badakigulako ofiziotik kanpo egon arren, antzerkia maite duzula, gozatzen duzula antzerkia. Eztena herritar eta parte-hartzaile bat nola egin dezakegun irudikatzea da bilkura honen helburua, gauzatu dezagun elkarrekin. Nola babestu eta sendotu dezakegu antzerkia gure herrian?”

“Martxan jarri berri dugun ideia honi forma emateko zure laguntza ezinbestekoa da, zu baitzara, zure lagun eta familiarekin antzokiko eserlekuak beteko dituena. Zu baitzara antzerkia merezi duen tokian jartzen lagunduko gaituena”, gaineratu dute Mikelazulotik. Proiektu honen lehen urratsa  maiatzaren 18an, ostirala, arratsaldeko 19:00tan iango da, Niessen Kulturguneko Auditorium-ean.