Mikelekin Londresera! ekimena aurkeztu dute Errenterian

Kirola 2012-05-22 | 0

Mikel Odriozola atleta errenteriarra goi mailako kirolaria da. Londres 2012ko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du 50 kilometroko ibilketa proban. Hori dela eta, Mikelekin Londresera! ekimena martxan jarri da. Egitasmo honen barnean jarduera ugari burutuko dira kirolaren baloreak sustatzeko eta errenteriarren babesa Mikel Ordiozolari helarazteko bere lehia olinpikoan.

‘Mikelekin Londresera!’ ekimenaren aurkezpena gaur egin dute Errenteriako Beraun auzoko futbol zelaian. Bertan, Mikel Odriozola atleta olinpiko errenteriarra izan da Jose Manuel Ferradas Kiroletako zinegotziarekin eta Udal Kirol Patronatuko ordezkariekin batera.

Atleta olinpikoak aipatu duenez, idei “polita eta berritzailea” da ekimen hau kirola eta bere baloreak herritarrei modu aktibo batean hurbiltzeko Errenteriarrei zuzenduta dagoela gaineratu du, batez ere gazteei eta atletismoan interesa dutenei.

Ferradasek azaldu duenez, Odriozolak lortutako puntura heltzeko “asko eta ondo lan egin behar da”. Udal Patronatuko Jesus Mari Erzibengoak, bere aldetik, Odriozola Errenterian hazi dela eta betidanik Errenteriako Klub Atletikoko (CAR) kidea izan dela gogoratu du.

Atleta olinpiko baten egunerokotasuna

Mikelekin Londresera! Ekimenari esker atleta errenteriarraren prestaketaren egunerokotasuna jarrai ahal izango dute errenteriarrek, www.mikelodriozola.com webgunean. Bertan Odriozolaren entrenamenduak, probak, sailkapenak, bidean aurkitzen dituen zailtasunak, pentsamentudak… ikusi eta irakurri ahal izango dituzte zaleek.

Goi mailako kirolari baten egunerokotasuna ezagutzeko aukera bikaina izateaz gain, atleta olinpiko batekin zuzenean komunikatzeko espazioa izango da ere, nahi duen orok, nahi dizkion galdera guztiak egin ahal izango dizkiolarik Odriozolari eta honek pozik erantzungo ditu. Hau egiteko Errenteria Herri Bizia webgunean atal bat jarri da martxan.

Gainera, abuztuaren 11n izango da proba, eta Kabia Espazio Kreaktiboan emanaldi berezia antolatuko da egun horretan Mikelen lehia zuzenean jarraitu ahal izateko.

Mikel Odriozola errenteriarra Errusian irabazi zuen Londreseko jokoetara joateko sailkapena 50 kilometroko ibilketa kategoriako mundu txapelketan parte hartu eta gero. Errenteriako Klub Atletikoko (CAR) kide hau sei alditan izan da Espainiako txapeldun kirol mota honetan. Bestalde, Joko Olinpikoetara doan hirugarren aldia izango da.

Solasaldiak ikastetxeetan

Ekimen honen barnean Odriozolak Errenteriako hainbat eskola bisitatuko ditu. Ikasleei kirolaren baloreez mintzatuko zaizkie eta Joko Olinpikoetan parte hartzeko entrenamenduak nola egiten dituen kontatuko die. Modu berean, gazteek dauzkaten zalantza eta galderei erantzungo die.

Ikasleentzat eta bere buruarentzat “esperientzia polita” dela azaldu du Odriozolak eta lagungarria “gazteak ikusi dezaten futbolaz gain beste kirol interesgarri batzuk ere badirela. Olinpiadak kirol hauek guztiak barneratzen dituela” eta joko hauetara joan ahal izateko “urte askotako prestaketa” beharrezkoa dela “egun bakar batetarako” azalduko die ere bai.

“Etorkizun batetan horrelako ekimenei esker kirolari berriak sortu daitezke herrian, nik urte batzuen buruan utziko dudan lekukoa hartu ahal izango dutenak”, adierazi du Odriozolak.

Atzo Gurutzeko Alabak Eskola eta Langaitz Ikastolako ikasleekin izan zen Odriozola, gaur Orereta Ikastolara joango da eta bihar Koldo Mitxelenako 5. eta 6. mailako gazteekin izango du solasaldia. 24an Telleri Ikastetxera joango da.

ARGAZKIA: HITZA

No comments yet.

Utzi erantzuna