Errenteriako emakumeak El Salvadorko bi ekintzaile feministekin bildu dira

Errenteriako emakume elkarteetako kideak eta Berdintasun Kontseilukoak El Salvadorko bi ekintzaile feministekin bildu dira elkarren arteko esperientzia truke batetan.

Bilkura honetara, astelehenan burutu zena, 30 pertsona inguru  azaldu ziren. America Romualdo eta Ana Cristina Enriquez El Salvadorretik etorritako ekintzaileek beren herrialdean emakumeen eskubideen aldeko defentsa nola burutzen duten azaldu zieten errenteriarrei.

America Romualdo ibilbide luzeko ekintzaile feministak pobrezia egoera larrian bizi diren emakumeekin bereziki lan egiten dutela aipatu zuen. Emakumeek dituzten eskubideei buruz formakuntza ematen diete hainbat bizipen-tailerren bitartez eta patriarkatuaren egitura eta eraginak aztertuz.

Ana Cristina Eriquezek, bere aldetik, El Salvadorren sortu duten Ekonomia Feminista Eskolaren berri eman zuen eta emakume liderren papera bultzatzeko eta elkarte feministen arteko sarrerak sortzeko prozesua nola burutu zuten azaldu zuen.

Errenteriako Berdintasun Kontzeiluko ordezkariek erakunde honen sorrera eta ibilbidea zein izan den kontatu zieten bisitariei. Errenteriako elkarteetako emakumeek, beste gai batzuen artean, elkarteotan emakume gazteen parte hartzea sustatzeko zailtasunei buruz mintzatu ziren, eta El Salvadorreko emakumeek erronka bera dutela adierazi zuten. Horregatik, orain unibertsitatean dauden emakume gazteen sentsibilizazioa dutela helburu azaldu zuten.

Bileran izandako hainbat emakume gaztek, ordea, ez zeudela ados adierazi eta emakume gazteek parte hartzen dutela argudiatu zuten, baina beste motako foro feministetan.

Bilkurara azaldutakoek positiboki baloratu zuten topaketa eta esperientzia-truke aberasgarritzat jo zuten.