Oarsoaldean udaran izango den kirol eskaintza aurkeztu dute

Oarsoaldea osatzen duten lau herrietako (Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria) Kiroletako zinegotziek prentsaurreko bat eskaini zuten atzo Errenteriako Udaletxean eskualdean udaran izango diren kirol jardueren eskaintza aurkezteko.

Agerraldian udaran Oarsoaldea guztian antolatuta dauden kirol jarduerak biltzen dituen esku orria aurkeztu zuten. Herri bakoitzaren kirol eskaintza erakusteaz gain beharrezko informazio guztiarekin (ordutegiak, txandak, prezioak…), orri honek Oarsoaldea mailan antolatutako jarduerak biltzen ditu ere: piraguismoa, arrauna, skatea eta BTTa.

Zinegotziek zehaztu zutenez, lehen aldia da horrelako esku-orria argitaratzen dutela. Gertuko eskualde bat izanik Oarsoaldea, herritarrek beren inguruan antolatzen diren kirol ekimenak ezagutzea da helburu nagusia. Esku-orri honen 6.800 ale argitaratu dituzte, eskutitzen bitartez, eskoletan eta kiroldegietan eskainiko direnak.

Kirol zerbitzu mankomunatuen proba

Oarsoaldean eskaintzen den kirol zerbitzuren bat modu mankomunatuan emateko aukera aztertzeko, Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek martxoa, apirila eta maiatzean zehar bere kirol zerbitzuetan abonatuta dauden pertsonei eskualde osoko igerileku publiko guztiak erabiltzeko aukera eskaini dietela gogoratu zuten prentsaurrekoan.

Esperientzia horren emaitza oso positiboa izan dela argitu zuten; izan ere, neurri honekin, ezer gehiago kobratu gabe, berea ez den udalerrian lan egiten duten pertsonek bertako igerilekura joan, denbora hobeto antolatuaz, edo eskualdeko herri desberdinetako familia eta lagun taldeek jarduerak taldean egin, elkarrekin igerilekuan egun pasa eginez, edo, besterik gabe, eskualdeko kirol instalazioak ezagutzera emateko aukera eman da.

Proba hau martxan egon den hiru hilabeteetan 650 erabileratik gora kontabilizatu dira.

Azterketa maiatzaren 31n amaituko da, udako denboraldiaren hasierarekin batera, eta etorkizunean aztertuko da proba pilotu hau behin betiko bihurtzen den ala ez. Ekainaren 1etik aurrera, instalazio bakoitzeko pertsona abonatuak bere instalazioetara bakarrik joan ahal izango dira, ez eskualdeko instalazio guztietara.