Errenteriako talde politikoek Oiartzungo Garbigunea bisitatu dute

Errenteriako hainbat udal talde politikoen ordezkariek Oiartzunen kokatutako Garbigune berria bisitatu dute, orain dela hilabete bat martxan jarri zena San Markoko Mankomunitateak biltzen dituen herriei zerbitzua emateko.

Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Luisma Diez eta Jose Manuel Ferradas Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzi errenteriarrak hurrenez hurren, eta PPko Jose Maria Herzog zinegotzia izan ziren bisitan, asteazkenean burutu zena.

Ferradasek azaldu duenez, Garbigunearen erabilera “emaitza onekin” gauzatzen ari da eta gogoratu du materialak biltzeko puntu hau martxan jarri dela Errenteriako biztanleriak bere hondakinen kudeaketa apropos bat egin dezan ahalbidetzeko.

Gune honetan utzi ahal izango dira kaleko edukiontzietan onartzen ez diren objektuak, esaterako, gailu elektriko eta elektronikoak, altzariak, egurra, erabilitako olioa… Doako zerbitzu honek ez du objektuak botatzeko bakarrik balio, haiek berrerabiltzeko aukera ere eskainiko baitu.

Garbigunearen ordutegia astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara izango da, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara.