Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren baitan batzar irekiak, datorren astean

Herri batzar irekiak egingo dira datorren astean Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezon, Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren baitan. Batzarra bera finkatzea eta lan taldeak osatzea izango dute helburu, datorren ikasturtean hainbat ekimen abian jartzeko.

Lan talde horietako baten zeregina, gazte eta helduekin herri batzarrak direla medio egin den bezala, umeen parte hartzea bideratzea izango da. Umeekin lan egiten trebatzeko eta plangintza bat diseinatzeko, lan taldeko kideentzat formazio saioak antolatuko dira datorren ikasturtean. Izan ere, Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren zutabe nagusienetako bat umeen parte hartze erreala bideratzea da.

Komunikazio taldea izango da beste lan talde bat, eta udazkenerako antolatu nahi den  den Oarsoaldeko batzar-jaiaren gainekoa beste bat. Datorren ikasturterako umeentzako aisia egitarau jarraikorra antolatzeko lan taldea ere abia liteke.

Batzarrak, beti bezala, irekiak dira, eta herrigintzan dabilen edo jardun nahiko lukeen guztiek dute lekua, izan ume, gazte edo heldu; izan erakunde edo ekimen; izan banako edo talde.

Honako data hauetan izango dira batzar irekiak:

  • Errenterian, ekainaren 12an, 18:30ean, Xenpelar etxean
  • Pasaian, ekainaren 13an, 18:30ean, Trintxerpeko Udal Euskaltegian
  • Oiartzunen, ekainaren 14an, 18:00etan, Ludotekan
  • Lezon, ekainaren 21ean, 18:30ean, Euskara Udal bulegoan

Laguntzaile eta dinamizatzaile Sorguneak-eko kideak ariko dira.

Irrien Lagunak Oarsoaldean urratsak ematen ari den ekimena da. Orain artean, hiru hitzordu garrantzitsu izan ditu: herritarrei aurkezpenak, otsailean; Topaketa eta Jakintza Trukea jardunaldia, martxoan; eta, herrietako batzarren eraketa, maiatzean. Orain laugarren urratsa dator, ikastaro berriari begira, lan taldeak osatu eta lanean hasteko.

Ekimen euskalduna, hezitzailea, parte-hartzailea eta herrigintzan txertatua dagoena izatea du helburua. Ekinez ikastea eta ikasiz ekitea da egitasmo honen goiburua, eta horretarako herri batzar, lan talde, egitarau eta batzar-jaia modu parte hartzailean antolatzeaz gainera, formazioa, hitzaldiak eta jakintza trukeak ere eskainiko ditu Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenak, herritarrek hala nahi izatera.