Udal Gobernuak urtebete: “Politika egiteko modua aldatzen ari gara”

Bidearen Bidean | Etorkizunaren Bidean | Udal antolamendua 2012-06-08 | 0

Udal Gobernuko kideek legegintzaldiko lehen urtean egin duten lanaren balantzea helarazi dute goizean Merkatuzarren egin duten agerraldian. Julen Mendoza alkateak azpimarratu duenez, “elkarrizketa eta herritarren parte hartzea” izan dira legegintzaldi hasiera honetako ardatzak, eta “herria eskenatoki berri batera eramateko lehen pausoak” eman direla adierazi du. Zentzu honetan, herritarren parte hartze mailaren kalitatea eta kopurua baloratu du.

Alkateak normalizazio politikoaren bidean pausoak ematen ari direla azpimarratu du gobernu taldearen zein gainontzeko alderdien jarrerari esker. Zentzu honetan, alderdi guztietako zinegotziekin eta udal tekiniariekin egindako parte-hartze tailerrak aipatu ditu.  Modu berean, politika egiteko beste moduak badirela frogatu dutela esan du.

Luisma Diez Hirigintza zinegotziak, bere aldetik, bere departamentuak burututako hainbat lan gogoratu ditu: Kaputxinoetako igerilekuak (hilaren 18an irekiko dituztenak), Parke Kaleko eta Sorgintxuloko igogailuak (uztailaren bukaera aldera martxan egongo direnak), saneamendu lanak, herriko eskola publikoetan zaharberritzeak, bi jubilatu egoitzetan egindako zaharberritze lanak, edo Gaztaino auzoan eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzak (proiektu hau, aurreko gobernuak martxan jarri zuena, aldatu egin dute espazioa hobeto aprobetxatzeko).

Alazne Korta Lehendakaritza eta Barne Erregimeneko zinegotziak udal lokal eta eraikinen zerrenda osatu dutela azaldu du eta, bizi ditugun krisi garaietan, baliabideak optimizatzeko ahaleginak egiten ari direla argitu du.

Garazi Lopez de Etxezarreta Berdintasun zinegotziak, bere aldetik, Berdintasun Arloaren sorrera azpimarratu du. Horretaz gain, 2009an martxanjarritako Udal Berdintasun Planaren ebaluazio prozesua abiarazi dute Berdintasun Arlotik eta indarkeria matxistaren kontrako kanpainak bultzatu dituzte, puntu lilaren ekimena azpimarratuz.

Jose Manuel Ferradas Ingurumen eta Kiroletako zinegotziak 320.000 euroko aurrekontua Ingurumen Arlora bideratu dela azpimarratu du, esparru hau indartuz. Listorretako atsadengunean burututako ekimenak aipatu ditu beste batzuen artean eta, modu berean, Ingurumeneko Aholku Kontseiluaren sorreraren garrantzia azpimarratu du. Pasaiako Badia eta bere inguruetako ingurumena babesteko Udalak egindako lanak ere mirestu ditu.

Jon Txako Trafiko eta Ogasun zinegotziak OTA/TAO zerbitzuetan egindako aldaketak gogoratu ditu, hainbat aparkaleku asfaltatzeko lanak, norabide aldaketak edo astelehenetako merkatuaren berregituraketa aipatu ditu. Aurrekontuak nahiko orekatuak direla azpimarratu du, gizarte zerbitzuetan, kulturan eta ingurumenean bereziki igo direlarik.

Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak Kabia Espazio Kreaktiboaren egitasmoari garrantzia eman dio, Irrien Lagunak ekimenarekin batera euskara arloan. Madalenetako jai batzordearen prozesu parte hartzailea ere gogoan izan du eta programazio kulturalari emandako bultzada.

 

 

 

No comments yet.

Utzi erantzuna