Landarbasoko trikuharriak zaintzeko auzolandegietan izena eman daiteke

Landarbaso lursailean zazpi trikuharri-arkitektura daude, aurre-historian eraikitakoak. Igoin-Akola Estazio Megalitikoaren monumentu multzoan kokatzen dira eta Kobre eta Brontzearen aroetan eraikitako hilobi kolektibo hauek gure lurraldeko lehen arkitekturetako batzuk dira.

Mendeetan zehar jentilen eta mitologiako beste pertsonaia batzuen hilobitzat hartu dira. Orain, Ekoguneak egitasmoari esker, trikuharri hauek balioan jartzeko aukera dute errenteriarrek.

Horretarako, Ekoguneak ekimenaren baitan antolatutako auzolandegietan parte har dezakete iraganeko altxor hauen zainketa lanak gauzatzeko errenteriar interesdunek.  30 urte baino gehiago dituztenek izena eman dezakete www.ekogunea.net webgunean plazak agortu baino lehen.