Beraun-Kaputxinoetako igerilekuek zabaldu dituzte ateak

Kaputxinoetako Udal Igerileku berriek gaur zabaldu dituzte bere ateak. Igerileku hauek 700 metro kubiko dauzkate eta orubearen azalera 8.700 metro karratukoa da. 657 pertsona sartu daitezke esparruan, eta igerilekuetan 220 aldi berean.

Guztira 1.700.000 euroko kostua izan dute instalakuntza berri hauek. Horietatik Foru Aldundiak 600.000 jarri ditu, Eusko Jaurlaritzak  900.000 eta Errenteriako Udalak 200.000 euro. Aldagelak behin-behinekoak izango dira denboraldi honetan: datorren urtean lanen bigarren fase bat burutuko da aldagela iraunkorrak eraikitzeko,  1,5 miloi euroko kostua izango duena. Kopuru hau lortzeko akordioetara ailegatzea espero dute hiru administrazio publikoek.

Sarrerak

Sarrera normala 5,50 eurokoa izango da, Gipuzkoako merkeenetarikoa. Udal kirol abonua duten pertsonek libreki erabili ahal izango dituzte igerilekuak.

Julen Mendoza Errenteriako Alkateak,  Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendariak eta Asier Sarriegi Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko zuzendariak bisita egin zieten instalazio berri hauei ostiralean, bideoan ikusi dezakezutena igerilekuetako irudiekin batera.