Eskolatik Kalera I. Topaketa Errenterian ospatuko da larunbatean

Eskolatik Kalera ekimena aurkeztu zuen atzo Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak Errenterian. Jai honek topaketa forma hartuko du aurten: Eskolatik Kalera I. Topaketa. Larunbatean burutuko da ekitaldi hau,  goizeko 09:30etik 14:00etara Merkatuzarren aurreko plazan.

“Egitasmoa bera indartu eta ekimen berriekin osatze aldera, eta garaiak ere hala eskatzen dutelako” egitaraua xumeagoa izango da, azaldu dute sustatzaileek. Egun erdiko iraupena izango du beraz, beste urte batzuetan egun osoz egin izan bada ere.

‘Altxorraren Bila’ jolasa izango da lehen ekimena; ondoren, hamaiketako bat egongo da, eta segidan tailerrak.

Jaia antolatzera zuzendutako diruarekin aurten Kuadrillategi egitasmoa jarri du martxan Lau Haizetarak, DBH 1. eta 2. mailako haurrei zuzendutakoa. Maiatzean hasi zuten, eta ostiral honetan bertan amaituko da. Ekimen honek datorren ikasturtean jarraipena izango du, baina DBH 3. eta 4. mailetara zabalduz.

Bestalde, bi deialdi egin ditu euskara elkarteak: Batetik, hurrengo ostiralean, hilak 29, egingo duen urtero batzarrean parte hartzeko, (18:00etan, Lau Haizetaran), eta bestetik, presoen aldeko karteladarako (20:00etan, ohiko lekutik).

Argazkia: Errenteriako Hitza